Batez ere bere eskaintzari buruzko informazioa, jarduera eta ekitaldien egutegia, albisteak, eta erakargarritasuna multimedia atalaren bidez indartu nahi izan dira
Ia bi urte terdi dira Beasaingo Udalak bere web atari ofiziala eraberritu zuenetik. Herritarrei udalaren informazioa eta komunikazioa modu erraz eta zuzenean helarazteko tresna garrantzitsu hau gaurkotu eta erabilgarriagoa bihurtzea izan zuen helburu. Horren ondotik, Udalak dituen erakundeetako atari digitalekin berdin egiten jarraitu du. Igartzako Monumentu Multzoa eta Udal Euskaltegia izan ziren lehenak eta orain Loinatz Musika Eskolako atariaren txanda iritsi da.
Ikasturte hasierari lotuta aurkeztu nahi izan da atari berritua. Beasaingo Udalaren web orri nagusiaren baitan kokatu da Bizi atalaren barruan Musika Eskolaren atarira doan hesteka. Arantxa Gastesi eskolako zuzendariak aurkezpenean adierazi duenez, zaharkitua zegoena itxuraz aldatu eta eduki berriz betetzea izan da egindako lana. ACV enpresak egin ditu beste atariekin bezala egokitzapen eta berrikuntzak. Egungo eskaera eta beharrei erantzutea izan da lehentasuna erabiltzaileak erakarri ahal izateko.
Loinatz Musika Eskolari buruzko informazioa eta eskaintzen dituen zerbitzuak hobeto adierazita geratu dira. Atal nagusiak Musika Eskolaren aurkezpena, eskaintzen den hezkuntza musikala zein den, ikasturteari buruzko informazio orokorra, berriak eta albisteak eta agenda dira arlo nagusiak. Honekin lotuta hain erakargarria suertatzen den multimedia atala ere aurkitzen da, non emanaldi eta kontzertuetako irudiak eta bideoak txertatzen joango dira pixkanaka.
Arduradunen arabera web orria dinamikoa izatea lortu nahi da. Eduki berriez gain zerbitzu berriak ere denborarekin txertatzen joango dira. Honela aurrera begira hainbat tramite egin ahal izatea lortu nahi da, izenemateak edo bestelakoak esaterako. Web ataria berritzeaz gain sare sozialetan ere presentzia gehiago izateko asmoa ere badute eta lan horretan saiatuko dira hemendik aurrera.