Beasainen sormenaren alorrean dabiltzanen saretzea eta hauen lanen gizarteratzea du helburu, kultur kudeaketa parte hartzailearen metodologia baliatuz
Beasaingo Udala Arteria egitasmoaren partaide izango da eta azaroaren 14an herriko eragile, sortzaile eta interesdun orori aurkeztuko zaie udaletxean hiru saio ezberdinetan
Artearen espresio bide mota ezberdinei bultzada eman asmoz Arteria proiektuan parte hartu eta lagunduko du Beasaingo Udalak . Goierriko beste hainbat udalerrietan bezala orain Beasainen, sortzaileen eta hauen lanen gizarteratzeko egitasmo honekin kultur eta gizarte eragileak saretu nahi dira eta ondorioz merezi duten errekonozimendua jaso eta beraientzat lan aukerak sortu. Proiektua aurrera eramateko ardura Asier Zinkunegi Dar-Dar produkzioak-eko ordezkariak du.
Arteria proiektuak euskal kultura eta gizartea uztartzen dituen proiektua da. Goierri mailako sortzaileak eta gizarte eragileak saretu nahi ditu. Sortu edo egingo den guztia Giza Eskubideen nazioarteko aldarrikapenarekin erlazionatuta egongo da bere edukietan. Beasaingo eta eskualdeko sortzaileentzat konplexua izan bada sortutako proiektuen amortizazioa are gehiago euskara hutsean lan egiten bada. Bertako kultura babestu eta elikatu nahi bada antzerkia, musika, literatura eta kultura proiektuak behar dira eta hori posible izateko sortzaileen jarrera aldatu beharko da.
Arteriaren aurkezpena Beasainen
Beasaingo sortzaile, eragile eta interesdunei azaroaren 14an udaletxean (sarrerako gela) aurkeztuko zaie Arteria proiektua hiru ordutegietan; 10:00etan, 15:00etan eta 18:00etan. Bertan azalduko zaie proiektuaren funtsa eta nola garatuko den. Beasainen 61 gizarte eta kultur eragile eta 35 sortzaile atzeman dituzte.
Hiru fasetan banatuko da; lehen atalak Bilgune izena izango du, bigarrenak Plataforma eta hirugarrenak Sorgune. Une honetan Beasainen Bilgune atalean ari dira lanean. Lehenik eta behin, proiektua ahal den eragile, sortzaile eta herritar gehienei ezagutzera ematea lortu nahi da. Ondoren Arteria proiektuan izena ematen dutenen artean elkar ezagutza eta sinergiak sortzeko lan egingo da.
Datorren abenduan proiektuaren Plataforma atala jarriko da martxan. 3 beka sortuko dira eskualdeko sortzaileentzat. Beasaingo eta Goierriko sortzaileek Giza Eskubideen inguruan jada sortuta dituzten lanak, beka horietara era anonimoan aurkezteko aukera izango dute. Ondoren Arterian izena emanda dauden eragileek, aurkeztutako lanen artean 3 aukeratzeko bozkatuko dute.
Aukeratzen diren 3 sortzaile horiek, beketara aurkeztu dituzten lanak herriz herri eramango dituzte eta egingo dituzten aurkezpenengatik ordainsari duin bat jasoko dute.
Arteria proiektuan azken 3 urteetan ari dira lanean, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzaz. Goierri osoan, Arterian egon daitezkeen 900 eragile eta sortzaile detektatu dituzte. Maila digitalean 700 pertsonako komunitate bat osatu du. Hor ikus daiteke aipatu saretze hori ari dela bermatzen.
Beasaingo Udalaren konpromisoa sormenarekin
Beasaingo Udalak proiektuan parte hartzea erabaki izana kultura babesteko arduraz gain tokiko sormena bultzatu eta zabaltzeko konpromisoari atxikita doa. Besaingo Udalak baditu sormena bultzatzeko bere baliabide propioak, Igartza literatu eta beka sariak adibidez. Honek Beasaingo udalak gaiaren inguruan sentsibilitate bat duela argi uzten du.