Espazioak osasun eta babes neurrietara egokitzeko garbiketa lanak burutu dira. Lehen bi txandetarako haur kopurua beteta hirugarren txandan geratzen dira plazak, guztira 3-12 urte arteko 284 haurrek eman dute izena
Garbiketa, desinfekzio eta txukuntze lanak izan dira aste honetan Udalak izan dituen eginkizun nagusiak udaleku irekiak segurtasun eta osasun baldintzak betez burutu ahal izateko. Udaleko garbiketa zerbitzuek Murumendi ikastetxea, Alkartasuna lizeoa eta Urbieta etxeko Txilibutxof elkartearen egoitzan osasun arduradunek agindutako babes, higiene eta segurtasun neurriak bermatzeko egin dute lan. Beste baldintzen artean ere, taldeak osatzeko kopuruak murriztuko dira eta begirale ratioa ere aldatuko da 5 haurrekin begirale bat izatera pasaz.
Beasaingo Udala eta herriko ikastetxeetako guraso elkarteek Txilibutxof aisialdi elkartearen laguntzarekin antolatu dituzten udaleku irekiei ekainaren 22an emango zaie hasiera eta uztailaren 31 bitartean eta hiru txandatan banatuko dira. Orotara 284 haurrek eman dute izena. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako 3tik 12ra urte arteko neska-mutilek parte hartuko dute. Lehen bi txandak beteta badaude ere, hirugarren txandan badago oraindik izena emateko aukera
Kontziliazioan lagunduko duen zerbitzua
Beasaingo guraso zein haur eta gaztetxoei zuzendutako ekimenak modu bateratuan antolatu eta bultzatzeko, Udalak Alkartasuna Lizeoa, Andramendi Ikastola, La Salle ikastetxea eta Murumendi eskolako Haur eta Lehen Hezkuntzako guraso elkarteekin hasi zuen elkarlana duela urtebete.
Lankidetza horretatik eratorri da udaleku irekiak antolatzeko egitasmoa behar zehatz bati erantzunez; covid 19ak eragindako salbuespeneko egoera honetan, eskola ikasturtea amaituta opor garaian kontziliazioan lagunduko duen udaleku zerbitzua eskaintzea.
Udala eta guraso elkarteen arteko harremana, epe luzera begira hasitako elkarlana izango da eta helburua herriko ikastetxeetako hezkuntza-komunitateak elkartzea, behar komunak aztertzea eta horiei erantzuna ematen saiatzea da. Udalak hori guztia babestu eta bideragarria egiten lagunduko du.
Txilibutxof Aisialdi taldearekin Udalak duen elkarlanari esker Urbieta etxeko aretoa utziko zaio beraien funtzionamendurako eta antolaketarako. Oraingo egitasmoa udalekuak antolatzea izan bada ere, aurrera begira euskara eta aisialdia uztartuz Txilubutxofen dinamika indartzea aprobetxatuz elkarlanerako aukerak aztertuko dituzte bi aldeek.