Udalak herriko zaindariaren jaioteguna balioan jarriz dantza tradizionala eta garaikidea uztartzen dituen “Gelajauziak” ikuskizuna programatu du
Covid 19aren ondorioz egoera berrira egokitzen jarraitzen du bere kultur programazioa Beasaingo Udalak. Oraingoan Kukai dantza konpainiaren “Gelajauziak” ikuskizuna izango da uztailaren 16an arratsaldeko 19:00etan eskainiko dena Loinazko San Martinen parrokian.
Eguna eta tokia ez dira ausaz aukeratuak izan. Beasaingo Udalak herriko zaindariaren jaioteguna eta jaio zen lekua aukeratu ditu esanahi sinboliko bat emanez ekitaldiari, tradizioa eta modernitatea lotu nahian. Izan ere, otsailaren 5a, bere heriotzaren eguna, udalerrian jai-eguna izendatua badago ere, jaiotegunaren ezagupena ez dago hainbeste zabaldua. Hori horrela, zentzu horretan nolabait ere adierazi nahi izan da tradizioarekin uztartuz efemeride hau.
Segurtasuna bermatuta
Loinazko San Martinen parrokian emanaldia eskaintzeak ere badu pisuzko beste arrazoi bat. Espazioak, Covid 19ak eragindako babes neurriak ezartzeko bermea ematean du. Parrokiaren ingurua leku itxia izanik aforoa kontrolatzeko erraztasuna ematen du. Honela bada, aforoa neurtu eta segurtasun distantziak bermatuz kokatuko dira beharrezkoak diren eserlekuak ikusle guztiak eserita egon daitezen. Honekin batera ere aipatu, emanaldian publikoak maskara erabili beharko duela.
“Gelajauziak”
Jon Maya dantzari errenteriarrak zuzentzen duen Kukai konpainiaren ikuskizuna da “Gelajauziak”. Jon Maya Sein eta Cesc Gelabert koreografoak, elkarrekin sortu zuten koreografia hau, eta elkarrekin dantza tradizionaletan ohikoak diren hainbat kontzeptu berraztertu dituzte, begirada personal berri batetik. Dantza tradizionaletik elikatuz, sortzaileek ematen dioten interpretazio berriarekin garaikide bihurtzen dute. Ikuskizunean beraz dantza tradizionala eta garaikidearen arteko uztartzea ematen dela esan daiteke.
Ikuskizuneko sarrera dohakoa izango da aforoa bete arte.