Oiartzuarrak aurkeztutako proiektua “Arrakalak” du izena eta pertsonen arteko harremanetan sortzen diren “pitzadurei” buruz hitz egiten du
Iazko irabazleak, Maddi Ane Txoperena Iribarrenek , dagoeneko liburua amaitu du eta sariaren bigarren zatia jaso du. Datorren otsailean argitaratuko da liburua
XXIV. Igartza Literatura Beka sariaren edizioko irabazlea Olatz Mitxelena Larreta oiartzuarra izan da “Arrakalak” proiektuarekin, hala adostu bait dute Oihane Amantegi, Irati Jimenez eta Garazi Kamio epaimahaikideek.
Hogeita laugarren edizioa bete du Beasaingo Udalak, Elkar argitaletxeak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek. Olatz Mitxelenak proiektuarengatik 6.000 euroko sariaren erdia eta garaikurra jaso ditu antolakuntzako ordezkarien eskutik eta urte beteko epea izango du liburua amaitzeko.
Igartzako jauregian egindako aurkezpenean, egile sarituaz gain, Beasaingo alkatea Leire Artola, Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren eta CAF enpresako euskara arduradun Joxe Begiristain izan dira. Artola alkateak eskerrak eman dizkie CAF-i eta Elkar Argitaletxeari idazle gazteen lanaren sustapenean ahalegindu eta laguntza emateagatik eta aurtengo irabazlea zoriondu du. “Beasaingo Udalarentzat Igartza Literatura Bekak egin duen bidea harro egoteko modukoa da, okerrik ezean datorren urtean mende laurdena beteko du” aipatu du Artolak. “Haundi-usterik gabe, Ibilbide honek etorkizuneko euskal idazleen harrobi izatea bilakatu gaituela esan dezakegu eta hala izaten jarraitzea da gure asmoa, Beasain izena euskararen izanarekin lotu nahi dugulako. Euskararen aldeko gure apustu garbia ukaezina da eta tinko eusten jarraituko diogu helburu honi” azpimarratu du.
Mitxelenaren lehen liburua
Olatz Mitxelena Larreta (Oiartzun,1989) filosofian lizentziatua da, zenbait graduondo ikasitakoa eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea. Zenbait sariketa irabazi izan du, prentsako zutabeak ere idazten ditu, baina hauxe izango du lehenengo liburua.
“Arrakalak” proiektuan, gai eta estilo ugariren bidez, gizon-emakumeon baitan nahiz pertsonen arteko harremanetan sortzen diren pitzadurei buruz hitz egin nahi du egileak, hutsune eta gabezia horietan gauzatzen direlakoan gure beldurrak, minak, ezinak… Umorea, gorputza, absurdoa, gogoeta… Horra ipuinetan zehar aurkituko ditugun beste zenbait ezaugarri, eta guztien atzean gure arrakala horiek goxatzeko borondatea.
Aurtengo edizio honetara 12 lan aurkeztu dituzte; horietatik 7 gipuzkoarrak, 2 nafarrak eta 2 bizkaitarrak, ez dago iparraldekorik. Oinarriak zabaltzen direnean saiakera egiten da Euskal Herri osora zabaltzen. Generoari dagokionez 10 emakumezkoak dira eta 2 gizonezkoak. Sariak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza.
Bestalde ekitaldi berean, iazko irabazleak, Maddi Ane Txoperena Iribarrenek , dagoeneko liburua amaitu du eta sariaren bigarren zatia jaso du. Datorren otsailean argitaratuko da liburua.
Idazle gazteen sorkuntza-lana saritzea
Igartza Literatura beka saria Beasaingo Udalak idazle berrien sormena bultzatzeko helburuarekin sortu zuen. Baldintza nagusiak, 35 urte bete gabe izatea, aurretik lan argitaraturik izatekoetan helduentzako bi liburu baino ez izatea eta lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izatea dira.
Orain arteko irabazleak:
LIBURUA | IGARTZA SARIA | URTEA | ARGIT. URTEA | EGILEA |
---|---|---|---|---|
TUBABU | I.ª | 1994 | Jon Arretxe Perez | |
CONNEMARA GURE BIHOTZETAN | I. beka | 1998 | 2000 | Julen Gabiria Lara |
EGUN DENAK EZ DIRA BERDIN | II.beka | 1999 | 2001 | Xabier Etxeberria Garro |
KORAPILOAK | II. bekaaccesit | 1999 | 2001 | Jasone Osoro Igartua |
ORTZADARRA SUTAN | III.beka | 2000 | 2002 | Fernando Morillo Grande |
VAN´T HOFFEN ILEA | IV.beka | 2001 | 2003 | Unai Elorriaga Lopez de Letona |
HAN GOITIK ITSASOA IKUSTEN DA | V.beka | 2002 | 2004 | Julen Gabiria Lara |
KARONTE | VI.beka | 2003 | 2005 | Asel Luzarraga Zarrabeitia |
AMAREN ESKUAK | VII.beka | 2004 | 2006 | Karmele Jaio Eiguren |
LILE | VII. bekaaccesit | 2004 | 2006 | Peru Magdalena Arriaga |
AULKI BAT ELURRETAN | VIII.beka | 2005 | 2007 | Uxue Alberdi Estibaritz |
ERO | IX.beka | 2006 | 2008 | Jon Martin Etxebeste |
HABITAT | X.beka | 2007 | 2009 | Katixa Agirre Miguelez |
NORA EZ DAKIZUN HORI | X. bekaaccesit | 2007 | 2009 | Irati Jimenez Uriarte |
KATU JENDEA | XI.beka | 2008 | 2010 | Eider Rodriguez Martin |
MEA CULPA | XII.beka | 2009 | 2011 | Uxue Apaolaza Larrea |
BESTE NORBAITEN ZAPATAK | XIII.beka | 2010 | 2012 | Garazi Kamio Anduaga |
GELTOKIAK EDO HELDUTA ENTZUTEKO ABESTIAK | XIV.beka | 2011 | 2013 | Goiatz Labandibar Arbelaitz |
ERRAIAK | XV.beka | 2012 | 2014 | Danele Sarriugarte Mochales |
EZ TIRO EGIN ANBULANTZIEI | XVI.beka | 2013 | 2015 | Mikel Ayllon Corral |
HAUTS HAIETATIK | XVII.beka | 2014 | 2016 | Unai Villena Camarero |
NOLA HELDU NAIZ NI HONAINO | XVIII.beka | 2015 | 2017 | Kattalin Miner Perez |
ZALDI MAMARROA | XIX.beka | 2016 | 2018 | Ekaitz Goienetxea Cereceda |
BASA | XX.beka | 2017 | 2019 | Miren Amuriza Plaza |
ZENDABALITZ | XXI.beka | 2018 | 2020 | Erika Elizari Salvador |
HERRIAK EZ DU BARKATUKO | XXII.beka | 2019 | 2021 | Irati Goikoetxea Asurabarrena |
EZ ERRAN INORI | XXIII.beka | 2020 | 2022 | Maddi Ane Txoperena Iribarren |
ARRAKALAK | XXIV.beka | 2021 | 2023 | Olatz Mitxelena Larreta |