Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Talentu berrien hitzordua Igartza Musika Bekaren eskutik

2021/11/25

Beasaingo Udalak Musikenerekin elkarlanean antolatutako Igartza Musika Bekaren seigarren edizioak musika zaletasuna sustatu eta talentu berriak ezagutzera ematea du helburu

Larunbat honetan egun osoan eskainiko diren entzunaldietan 25 hautagien interpretazioak entzungo dira: 8 gradu mailan eta 17 masterrekoan

Egun bakarrean, publiko guztiari irekitako musika ikasleen kontzertuak entzuteko aukera izango da Igartza Musika Bekaren seigarren edizioan. Igartzako jauregian, datorren larunbatean azaroaren 27an, Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak aukeratutako ikasleak euren onena eskainiko dute.

Kontzertu emanaldiak goizean 9:00etatik 14:30era eta arratsaldean 16:00etatik 20:00etara luzatuko dira. Entzunaldi saioak 20 minutukoak izango dira gehienez eta hauen artean sartu eta atera ahal izango da publikoa.

Sariak 20:45ean banatuko dira. Beasaingo Udalak sortutako bekak, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Zentroa den Musikenen ikasteko diru laguntza ematen du: Gradu Beka saria 2.000 euro eta Master Beka saria 3.000 euro.

Nazioarte mailako hautagaien presentzia ugari

Aurkeztu diren ikasle kopuruan, nazioarte mailako herrialde ezberdinetako ordezkariak aurkitzen dira. Master Bekara 17 hautagai aurkeztu dira estatutik, Madril, Lugo, Jaen, Alacant, Valencia, Melilla, Pontevedra, Cantabria (2) eta Zaragozatik. Atzerritik, Colombia (2), Bielorrusia, Errusia, Txile, eta Panamatik. Iruñear bat izango da euskal hautagai bakarra. 

Gradu Beka sarirako berriz, 8 ikasle izango dira. Estatutik Valladolid, Zaragoza eta Cantabriatik (2). Euskal Herritik Gasteiz, Irun eta Donostiatik (2). 

Aurtengo edizioko epaimahaia Pierre de Maistre, Javier Juanco, Mari Jose Cano eta Arantxa Gastesik osatuko dute. Entzunaldi guztiak amaitzean epaimahaiaren erabakia jakinaraziko da. Ikus pdf egitaraua (178 KB)

 Musika sustatzeko helburuarekin sortutako beka

Udal gobernuak, kultura arloan musikarekin lotura duen egitasmo nagusietakoa da Igartza Musika Beka. Musikari gazteei bultzada bat emateko helburuarekin sortu zen 2016an Euskal Herriko Goi Mailako Musika Zentroa den Musikenerekin sinatutako lankidetzari esker, eta Igartza Musika programaren osagarria da. 

Interpretazio espezialitatean dabiltzan Musikeneko bertako nahiz atzerriko ikasleak onuradunak izango badira ere Beasain eta beasaindarrei eragingo dien ekimen bat da zalantzarik gabe. Izan ere talentu handiko musikari gazteen lanaren emaitzak Beasainen bertan plazaratzea ekarri du. Irabazle izaten direnak Beasainen kontzertuta eskaintzeko konpromisoa hartuko dute datorren urtean.