Urbeltzen ikuskizuna pandemiak eragindako ia bi urteko etenaren ondotik itzultzen da eskenategietara
Beasaingo Udalak dantza tradizionalarekin duen konpromisoa berretsi eta indartzen du ikuskizun hau Beasainen eskainiz
Ikuskizunerako sarrerak udal liburutegian eta Antzizar kiroldegian egongo dira salgai
Ia urte terdiko etenaren ondotik eta Beasaingo emanaldia behin baino gehiagotan atzeratu ostean, abenduaren 12an taularatuko da arratsaldeko 19:00etan Antzizar kiroldegian Martin Zalakain dantza ikuskizuna. Gogotsu eta ilusioz, estraineko emanaldia balitz moduan aurkeztu dute Beasaingo alkateak Leire Artolak, Juan Antonio Urbeltz ikuskizunaren arima nagusiak eta Argia dantzari taldeko ordezkariak Iñaki Arregi eta Onintze Azpeitia .
2017an estreinatu ostean eta 2020an pandemiak eragindako osasun krisiak emanaldien katea eten zuenetik, Beasain izango da Pio Barojaren nobela dantzatuaren berragerpenaz gozatzeko agertokia.
Aurkezpenean Leire Artola alkateak maila honetako ikuskizun baten kokaleku Beasain izateak duen garrantzia azpimarratu du. “Bizi dugun egoerak okerrera egiten ez badu, aukera paregabea da izango dugu lehen mailako dantza ikuskizun honetaz gozatzeko. Beasain herri dantzari eta dantzazalea da, gure izaera eta jatorriaren ondasun eta Udal honek konpromiso hori berretsi nahi du Martin Zalakain bezalako ikuskizun baten presentziarekin”.
Euskal dantza eta tradizioekin konpromisoa
Alkateak nabarmendu du, Udal gobernuak bere agintaldirako legegintzaldi planean finkatua duen bezala, nortasuna eta tradizioari lotuta Beasain euskal dantza tradizionalaren topaleku eta erreferentzia bihurtzea du helburu eta tokiko dantza tradizionala egonkortu, finkatu eta honen ezagutza hedatzea.
Azken ia bost urteetan Udalak eta dantzan.eus elkartearen arteko lankidetzari esker dantzan.eus elkartearen eginkizuna bi zutabetan oinarritzen da: batetik formazio saioak antolatzea (dantzariak eta dantza maisuak trebatzeko) eta bestetik Beasainen errotzen doazen euskal dantza ekimenak sendotzeko eta egonkortzeko proiektua gauzatzea.
Aurten, Aurten, Martin Zalakain ikuskizunaren osagarri diren beste bi ekitaldi antolatu dira: lehena joan den azaroaren 26an burututako hitzaldia “Sorkuntzaren bideak, Argiaren Martin Zalakain” eta abenduaren 10ean burutuko den formazio saioa “Dantza soltea askatzeko ahalegin bat”.
Pio Barojaren nobela dantzatua
Pio Barojaren Zalakain abenturazalea klasikoa baliatu du Juan Antonio Urbeltzek bere ikuskizun berriaren argumentua haritzeko. Narrazio dramatikoa duen dantza ikuskizuna da, eta antzerkiaren alderdia lantzeko Artedrama konpainiarekin elkarlanean atondu dute Argiako dantzariak ikuskizuna. Ildo horretan, Ander Lipus aktoreak jokatzen du Pio Barojaren papera, eta zuzeneko narrazioa egiten du, donostiar idazle ezagunaren rolean. Harkaitz Cano idazleak egokitu ditu Barojaren eleberriko hainbat pasarte eta gertaera. Hirugarren Karlistadan kokatuta dago kontakizuna, eta haren baitan sortutako gatazkak eta gertaerak irudikatzen dituzte dantzariek.
100 dantzari eta musikari
Ohikoa duen moduan, Euskal Herri osoko dantzariak bildu ditu Argiak ikuskizun honetan. Hala, ondorengo taldeetako dantzariak arituko dira ikuskizunean Iñaki Arregi, Jexux Larrea eta Fernando Aristizabal dantza-maisuen gidaritzapean: Argia (Donostia), Duguna (Iruñea), Maritzuli (Biarritz), Elai-Alai (Portugalete), Kezka (Eibar), Haritz (Elgoibar), Gure-kai (Deba), eta Arkaitz (Añorga).
Zalakain abenturazalea eleberrian gertatzen den moduan, Martin Zalakainen eta Kattalin Ohandoren maitasun istorioaren harian egituratzen da ikuskizuna. Mikel Urbeltz eta Marian Arregi arduratu dira musika-konposizio eta konponketa guztiak egiteaz; Argiako musikariekin batera ariko dira Ezpelurreko gaiteroak, Dugunako musikariak, eta Plectro soka-taldea. Jantzigintza-lanetan Amaia Bueno aritu da.
IKuskizunerako sarrerak Beasaingo Udal Bibliotekan eta Antzizar kiroldegian eskuratu ahal izango dira 6 euroren truke.