Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

“Ez erran inori” euskarazko gazte literatur sorkuntzaren lan berria

2022/03/18

Maddi Ane Txoperenak “Ez erran inori” liburua aurkeztu du Igartzan eta aldi berean, Igartza Literatur sorkuntzako Bekaren 25garren edizioan idazle gazteei parte hartzeko deia zabaldu zaie

XXIII. Igartza Literatur-sorkuntzako bekaren lan irabazlea eskura daiteke jada. 2020an “Ez erran inori” izenarekin saritua izan zen proiektua, garatu, landu eta ondu du Maddi Ane Txoperenak eta musika eta hitzekin dotoretutako aurkezpen berezi batean ezagutzera eman du Igartzako jauregian. Azken bi urtetan ez bezala, pandemia aurreko normaltasunera itzulita burutu da aurkezpen ekitaldia. 

Haurtzaroan pairatutako sexu erasoek gaztaroan eta helduaroan dituzten eraginez diharduen eleberria idatzi du idazle hendaiar-lesakarrak. Liburuaren azalekoan adierazten den moduan, “...gai mingarria hautatu du Maddi Ane Txoperenak bere bigarren eleberria (eta saritua izan den lana) ontzeko. Sarritan ezkutuan gorde nahi izan dena, tabuaren izarapean estali, baina mina sufritu duenak ezin ahantzi, isiltasunaren bidez ezin gizartearen zauriak itxi. Kontaketarako trebeziaz eta hizkuntzaren menderatzeaz gain, gaiaren gaineko ezagutza sakona eta sentiberatasun fina erakusten dizkigu”.  

Liburuaren aurkezpenean idazle sarituaz gain, Beasaingo alkatea Leire Artola, Elkar argitaletxeko arduraduna Xabier Mendiguren eta CAF enpresako ordezkaria Igor Arrondo egon dira. 

Hiruek zoriondu dute eleberriaren egilea. Artola alkateak, bekaren garrantzia eta balioa azpimarratu zituen. “Beasaingo Udalak hainbat eragileekin lankidetzan kultur proiektu anitz aurrera eramaten dituen arren hau ez da bat gehiago; gure nortasuna eta izatearen adierazle bilakatu da. Gure herri mugetatik haratago Beasain euskal mapan kokatu duelako eta euskal literatur sorkuntzaren harrobiko harribitxia delako”. Alkateak bekak 25. edizioa betetzen duela eta sari hau jaso duten euskal literaturaren munduan finkaturiko idazleen zerrenda luzea nabarmendu nahi izan du. Alez ale uzta oparoa dela gaineratu zuen helburu argi eta zehatz batekin; “sormena eta euskara batuz, gure hizkuntza hilezkor izaten laguntzea”.

XXV. ediziora aurkezteko deia

Beasaingo Udalak, Beasaingo CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) enpresaren babesarekin eta ELKAR argitaletxearen laguntzarekin, euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz sortutako beka da hau. Idazle gazteentzako aurtengo Igartza literatura-sorkuntzarako bekak irekita dauka proiektuak jasotzeko epea. pdf Oinarriak (114 KB) Udalbatza osoaren oniritzia jaso eta argitaratu ostean, idazle gazteek ekainaren 30era arte dute euren proiektuak aurkezteko epea. 

XXV. edizioan parte hartzeko baldintza nagusiak hauek dira: 35 urte bete gabe izatea, aurretik lan argitaraturik izatekotan helduentzako bi liburu baino gehiago ez izatea, aurreko edizioetako Igartza Beka sariaren titularra ez izatea, narratibako lanak izatea -eleberria  edo ipuin-bildumak- eta lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izatea.

Edizio honetarako epaimahaia Oihane Amantegik, Irati Jimenezek eta Garazi Kamiok osatuko dute. Proiektuak aurkezteko udaletxeko sarrera erregistro ofizialean edo on line erregistro elektronikoa erabiliz www.beasain.eus helbidean egin beharko da. Jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien artean irabazlea zein den epaimahaiak erabakiko du 2022ko irailean. Bekaren diru kopurua 6.000 eurokoa izango da.

Igartza literatura bekak bi hitzordu nagusi izaten ditu urtean; bata liburu irabazleak argia ikusten duenean eta bestea bekaren irabazlea jakinarazten denean. Izan ere bekaren irabazlea jakitean honek ia urtebeteko epea izaten du proiektua garatu eta ontzeko. Une honetan lantze eta ontze bidean dago Olatz Mitxelenaren "Arrakalak" proiektua, XXIV. edizioko irabazlea.

  pdf Urtez urte saritutako lanak (97 KB)

 

Igartza Lietratur Beka aurkezpena 20220317 2