Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Euskararen eredua herri indigenetako hizkuntza gutxituen alde

2022/03/23

Udalak Garabide elkartearekin duen hitzarmenaren baitan, harrera egin die hainbat herri indigenetako ordezkariei eta alkateak euskararen erabilera sustatzeko egitasmoen berri eman die

Leire Artola, Beasaingo alkateak, harrera egin die gaurkoan hamabi komunitate linguistiko eta hamaika estatu ezberdinetako 24 ordezkari indigenei. Euskararen indarberritzean Beasaingo Udalak duen esperientzia partekatzea izan du helburu topaketa honek eta era berean udalerriaren ezaugarri eta ezagutzak azaldu dizkie alkateak gonbidatuei.  

Garabide elkarteak HIBIL (Hizkuntza Gutxituak Biziberritzeko Lankidetza) ekimenaren baitan 12 komunitate linguistiko hauetako ordezkariak izan dira Beasainen: Maputxea (Walmapu), Amazig (Maroko, Algeria, Espainia), Nasa yuwe (Kolonbia), tutunaku (Mexiko), Nawat (Mexiko), Yukatango maia (Mexiko), Tseltal (Mexiko), kitxua (Ekuador), Nawat pipil (El Salvador), Guaraní (Bolivia), Ketxua (Peru eta Bolivia), eta Kitxe (Guatemala). Azpimarragarria da parte  hartzaileen %75a emakumezkoa dela; hau da, 15 emakume eta 5 gizon ari dira parte hartzen. Datu hori komunitate eta hizkuntza gutxituen aldeko jardunean emakumeek duten garrantziaren adierazlea da.

Euskararen erabilera areagotu

Leire Artola alkateak azaldutakoen arabera, Beasainen euskararen ezagutza eta erabileraren arteko desoreka da erronka nagusia. Herritarren artean euskararen ezagutza %60a izan arren, erabilera ez da proportzio horretara iristen. Tokiko legearen arabera, Udalek euskararen ezagutza sustatzeko eta erabilera dinamizatzeko eskumena dute. Marko horren baitan Udalak ezagutza sustatzeko Udal Euskaltegia du 16 urtetik gorakoentzat. Hori araututa dago eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du neurri handi batean. 

16 urtetik beherakoen kasuan orain artean eskolak izan du horren ardura eta horretan jarri izan dira indarrak. Baina denborak erakutsi digu gurea bezalako gizarte batean (hizkuntza  hegemoniko indartsu batekin elkarbizitza, ingelesaren presentzia handitzea, gure herrira etorkin kopuru handia etorri izana…) ondorioak izan dituela eta gure eskoletako ikasleen gehiengoak atzerriko hizkuntza duela ama hizkuntza.

Eskola nahikoa ez bada, Udalak eskolaz kanpo erabilerarako guneak sustatu eta sortu behar ditu. Zer egin dezake udalak udalerrian euskararen erabilera sustatzeko? Udalerrirako Euskara Sustatzeko Ekintza Planean honako ekimen hauek aurkitzen dira:  

Herriko kultur eta kirol elkarteekin hitzarmenak sinatzean, beren jardunean eta batez ere haur eta gaztetxoekin aritzen direnean euskara erabiltzeko konpromisoa adostea. Bestetik, Euskal Liburu eta Disko azoka antolatzea, euskarazko kultur eta aisia produktuak herritarren esku jarriz. Baita ere, euskara erabiltzeko guneak sortu, batik bat haurrei zuzendutakoak; hizkuntza errefortzu zerbitzua, euskarazko udalekuak, eta abar. 

Hizkuntza gutxituen aldeko hitzarmena

Beasaingo Udalaren eta Garabide elkartearen arteko hitzarmenaren berritzea urtez urte eman da 2017az geroztik. Horrela, aurten garatuko diren proiektuak diruz lagunduko ditu Beasaingo Udalak eta euskararen esperientziatik abiatuta munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen dituen Gobernuz Kanpoko Erakundearen babesle da. 

2022ari dagokion hitzarmena sinatzear da orain arteko helburuak mantenduz, garapen bidean dauden herrien nortasunean lagundu, hizkuntza nortasunaren adierazpide nagusiena izanik. Herrialde hauetako hizkuntza gutxituen aldeko konpromisoa berretsiz jarraitzen du Beasaingo Udalak horretarako euskararen alde egindako ibilbidea eta lana eredu jarrita. Udal gobernuak garapen bidean dauden herrialdeei laguntzeko bere aurrekontuaren %1aren laurden bat bideratzen du Garabide elkartearekin duen lankidetzara. 

Garabide indigenak 24 Garabide indigenak 25

Garabide indigenak 20 web

Garabide indigenak 13