Urtarrilaren 27tik martxoaren 31a arte egongo da Usurbe antzokian. 2 eta 5 pertsona arteko taldeak eginez parte hartu daiteke eta internet bidez hartu beharko da txanda
Pertsona orori zuzenduta, aisialdira zuzendutako jarduera pedagogikoa da ihes-gela, non hainbat enigma eta frogei aurre eginez gelako irteera topatu behar da ezarritako denbora amaitu baino lehen
Gazte zein parte hartu nahi duen pertsona orori zuzendutako aisialdi-jarduera berria izango da Beasainen datozen bi hilabetetan. Beasaingo Udalaren lankidetza eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren babesari esker, Sorginlore Gizarte Elkarteak, Ikertze Kultur Elkarteak, EXperientziak Elkarteak eta Ana Orozko zuzendariak antolatua da Paradisu ihes-gela. Bertan ere parte hartu du musikaren konposaketan Garazi Zabaleta musika sortzaile beasaindarrak.
Eguneroko arazo eta zereginetatik askatzeko eta estresetik aldentzeko jolasa bilakatu da ihes-gela edo escape room deitzen dena. Izenak berak dioen bezala, jolasaren muina jokalari talde batek gela edo espazio jakin batetik ihes egiteko modua aurkitzea da. Talde lanean oinarritzen den jolasa da; horregatik, ihes gelatik irten ahal izateko guztion artean zenbait jolas, enigma, froga eta asmakizun askatu beharko dituzte ezarritako denbora mugatua amaitu baino lehen. Joko bakoitza eszenatoki erabat desberdin batean girotuta egon daiteke.
Zer da Paradisua?
Zer da aurkitu ahal izango dena Paradisu ihes-gelan? Galderaz jositako esperientzia izango da; bertan aurre egin beharko zaie hainbat froga, enigma eta erronkei. Oso adi egon beharko da, irtetea ez baita erraza izango. Paradisua ez da denontzako berdina; norberaren sentsazioen araberako egoera eta tokia izan daiteke.
Parte hartzeko
Beasainen Usurbe antzokian kokatuko da Paradisu ihes-gela. Aisialdira zuzenduta dagoen jarduera pedagogiko hau, pertsona ororentzat dago irekia. Adinari dagokionez, helduez gain, DBH1-etik (12 urte) aurrerako gazteek izena eman dezakete eta gazteagoak direnak helduen laguntzarekin parte hartu beharko dute. Parte hartzeko, 2 eta 5 lagun arteko taldea osatu behar da eta txanda hartu ondorengo atarian.
Urtarrilaren 27tik martxoaren 31a arte egongo da zabalik, asteazkenetik ostiralera arratsaldez eta larunbatetan goizez. Saioak, asteazken eta ostegunetan 16:30, 18:00 eta 19:30ean. Ostiraletan, 16:30 eta 18:00etan. Larunbatetan 10:30, 12:00etan eta 13:30ean.