Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Herriko kultur elkarteen lana aitortu eta balioan jarriko da Udazken Kulturalean

2023/09/27

Elkartegintza sarea aldarrikatzeko, estreinekoz Herriko Elkarteen Eguna ospatuko da urriaren 7an 

Irailaren 28tik azaroaren 10a bitartean burutuko diren berrogeita hamar ekitaldi baino gehiagok osatzen dute Udazken kulturalaren egitaraua

Udal arduradunek udazkeneko kultur programazioari indarra eta auspoa emanez jarraitzen dute urtez urte. Aurtengo Udazken kulturaleko pdf egitarauak (2.22 MB) berrogeita hamar ekitaldi baino gehiago bilduko ditu. Hori da Udala eta herriko elkarte eta eragileen arteko elkarlanaren emaitza eta eskaintza hori beasaindarrekin eta beasaindarrentzat sortua izan da. Hala azpimarratu nahi izan dute aurtengo egitarauaren aurkezpenean Leire Artola alkateak eta Mariola Pascual kultura zinegotziak. 

Alkateak, kultur ekitaldien dinamikari  dagokionez urteko programazio garrantzitsuena dela aipatu du. Beasaingo kultur elkartegintzaren sarea babestea eta kultura bera, Udal gobernu honen ardatz estrategiko nagusietakoa dela gaineratu du. Horregatik, Udazken kulturaleko programazioak herriko elkarte, eragile eta taldeen lanetik eratorritako ekarpenen islada izatea nahi da. Haiei esker, gaineratu du, udalerriko kultura eta dinamika soziala bizirik mantentzen da eta. Hori horrela, alkateak esan du aurtengo udazken kulturalean azpimarra jarri nahi izan dela herriko kultur eragile eta elkarteetan eta horregatik nobedade gisa aurten urriaren 7an estreinekoz, Elkarteen eguna ospatuko dela.

Bere aldetik, Mariola Pascual kultura zinegotziak, programazioaren ingurukoak azaldu ditu. Lehena eta nagusiena ekitaldien aurkezpenari buruzkoa izan da. Programazioa irailaren 28tik azaroaren 10ra luzatuko da, baina sortzen diren azken orduko aldaketak direla eta, egitaraua bi atal desberdinetan argitaratuko da. Honela, etxeetan banatu da iada irailaren 28tik urriaren 21era zehaztuta daudenak. Dena den, edozein zalantza edo aldaketa gertatuz gero udalaren web orriko agendan zein mugikorretarako udal aplikazioan eguneratuta agertuko da. Herritarrak arloko buruak udala eta Beasaingo elkartegintza sarearen elkarlana jarri du balioan eta ekitaldien aniztasuna eta kopurua nabarmendu ditu; berrogeita hamar ekitaldik baino gehiagok osatzen dutelako egitaraua eta herritar guztiak hartzen dituelako kontuan. Haurrentzako proposamenak duen garrantzia eta kultur espresiobide guztiek tokia dutela egitarauan aipatu ditu baita ere. 

Elkarteen lana balioan

Amaia Gomez de Segura kultura saileko teknikariak egitarauan sakonduz ohikoak diren ekitaldiak eta hauen inguruko xehetasunak azaldu ditu. Besteak beste, musika, dantza eta antzerkia, bakarrizketak eta kale antzerkiak bere lekua izaten jarraituko dute. Irakurzaletasun kanpainak presentzia izango du Udazken kulturalean baina abendura arte luzatuko da. 

Beste ekimenen artean, azokak, odolki kofradiak antolatzen duen odolki lehiaketa eta dastaketa, Beasaingo Paperak bildumari dagokion alearen aurkezpenean San Miguel klinikari eskainitako lanaren aurkezpena, erakusketak eta bisita gidatuak izango dira. Azken honen harira, Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartuko da eta aurtengo gaia Ondarea bizirik izango da. Urtero bezala, Tolosako abesbatzen lehiaketa garai honetan dela aprobetxatuz, Beasainen Sloveniako Megaron abesbatza zuzenean entzuteko aukera izango da. 

Alkateak aurreratu bezala, aurten estreinakoz Elkarteen eguna ospatuko da. Une honetan 27 elkartek parte hartzeko asmoa azaldu dute. Beraien lana eta ekarpena erakutsiko dute Erauskin plazan jarriko dituzten postuetan herritarrek ikusi dezaten. 

Gainerakoan, haurrei zuzendutako ekimenen artean aipatzekoak dira Atxipi elkartearen jolasak, mitologian oinarritutako jolasak, haurrentzako irakurketa klubak, kale antzerkiak, tailerrak “gau beltza” gaiaren inguruan, eta nola ez, buruhandi eta erraldoien irteerak eta erraldoien bilkura azaroaren 4an.

Aipatzeko modukoak ere badira elkarteek antolatutako ekimenak. Hala nola, Aurtzakak antolatutako dantza erakusketa, txistularien alardea, Argizpi elkarteko argazki erakusketa eta rallya, Asmubek antolatzen dituen ikastaroen erakutaldiak, Arrano elkarteak antolatzen duen margo lehiaketa eta bertso saioa, Aizkorriren finalista eguna eta Mendi astea, Lemniskataren hitzaldiak, Antzerki taldearen bisita gidatua, Loinatz abesbatzaren kontzertua, eta Ekaitz erraldoi eta buruhandien irteerak izango dira besteak beste. Aipatzekoa ere aurten Bear pintura taldearen eskutik Sketchcrawl marrazketa urbanoa ren inguruko egitasmoa izango da. 

Udal egutegia osatzeko argazki lehiaketa

Udal ordezkariek, 2024ko udal egutegia osatzeko argazki lehiaketan parte hartzeko epea irailaren 30ean bukatzen dela gogorarazi dute eta lanak bidaltzera gonbidatu dituzte argazkilari eta argazkizaleak. Argazkietan isladatu behar den gaia “Zahartzaro aktiboa Beasainen” da.

2025ko gaia aldiz “Beasaingo auzoak” izango da. Urte bete izango dute partaideek argazkiak ateratzeko eta bidaltzeko. Oinarriak udalaren webean argitaratuko dira.

Agendaren kontsulta

Ekitaldien egunak, ordutegia eta tokiei buruzko informazio zehatza eta eguneratua, beasain.eus udal webgunearen agendan aurkitu daiteke. Telefono mugikorraren bidez, Beasain aplikaziotik ere informazio berbera eskuratu daiteke.

Honekin batera, hileroko agenda pdf formatuan deskargatzeko aukera ere badago eta udalaren sare sozialetatik, webgunetik eta aplikazioaren bidez eskuratu ahal izango da.

UK 2023 aurkezpena 2