Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

“Musika garaia” da Loinatz Udal Musika Eskolarentzat

2024/04/24

Ikasturteko ekintza planean dauden estilo, formatu, edota adin desberdinetako jarduerak bildu dituzte egitarau batean

Ikusgarritasuna emanez, Musika Eskola herritarrei hurbiltzea da helburua adin guztietako ikasleak erakartzeko

Datorren ikasturterako ikasle berrientzako matrikulazio epea maiatzaren 2tik 10era egongo da irekita 

Beasaingo Loinatz Udal Musika Eskolak datorren ikasturterako ikasle berrientzako matrikulazio epea ireki ohi du garai honetan eta orain arte ez bezala izenburu eta egitarau batean bildu ditu helburu horretara zuzenduta antolatzen dituen ekitaldiak.  

Honela bada, Udal arduradunek eta Musika Eskolako zuzendaritzak agerraldia eskaini dute honen berri zehatza emateko. Mariola Pascual, kultura zinegotzia, Arantxa Gastesi, Loinatz Udal Musika Eskolako zuzendaria eta Xabier Zeberio, biolin irakaslea izan dira “Musika garaia” egitarauak biltzen dituen ekimenen xehetasunak ematen. 

Mariola Pascualek, Loinatz Udal Musika Eskolak Beasaingo komunitatean betetzen duen paper garrantzitsua nabarmendu du. “Hezkuntza-sisteman duen garrantzia handia da. Baina ez da bakarrik kultura eta artea sustatzen duen eragilea, komunitateko elkartasuna ere bultzatzen du. Musika beasaindarren nortasunean txertatua dago eta Beasaingo kultura, tradizioan eta elkartegintza-sarean Loinatz Udal Musika Eskolak duen eragina ezin da ezbaian jarri” adierazi du. Horregatik ekimen honek Musika Eskolaren jarduna herritarrei hurbiltzen jarraitzea du helburu, eskolaren ateak irekiz eta ikasle berriak erakarriz.

Arantxa Gastesik bere aldetik,  egitarauaren berri zehatza eman du, era berean gogoratuz, hurrengo ikasturterako ikasle berrientzako matrikulazio epea maiatzaren 2tik 10era luzatuko dela. Informazioa Musika Eskolan edo bere web orriaren bidez eskainiko da. 5 urtetik aurrera, adin mugarik gabe, edonor izan daiteke musika ikasle. 

Ate irekiak Musika Eskola ezagutzeko

Gastesik azaldu duenez, Musika Eskolako ikasturteko ekintzen planak formatu, adin edota estilo desberdinetako jarduerak izan ohi ditu. “Aurten aste berean barneratu nahi izan dira aurretik antolatzen diren jarduera horietako batzuk proposamen berriekin, eta aste horri “Musika garaia” deitu zaio”.

Hala ere, gaurtik hasita datorren aste osoan, Loinatz Udal Musika Eskolak bere ateak irekiko ditu herritarrek ikusi eta ezagutu dezaten. Xabier Zeberiok azaldu du, ate irekietako saioetan, flauta, pianoa, perkusioa, akordeoia, klarinetea, trikitixa eta panderoa bezalako instrumentuen saioak ikusteko aukera izango da aldez aurretik jarritako orduetan.

Sorotan Belek itxiko du egitaraua

Egitarauari dagokionez, apirilaren 29tik maiatzaren 4ra, sei egunetan musikarekin lotura estua duten bost ekitaldi antolatu dira.   

Apirilaren 29an: Makey Makey. 7-10 urte bitarteko haurrei zuzendutako Musika Tailerra. Udaletxeko batzar aretoan 17:00etan. Musika-tresna edo instrumentuak egingo dira banana, patata edo azenarioekin eta gorputza bera piano, bateria edo beste edozein instrumentu bihurtuko dituzte.        Gaitasun teknologikoak lantzeko modu bat da, ikasgelan jarduerak garatzeko, aldi berean, musika-sormena lantzeko. Plaza mugatuak daude eta izenematea Beasaingo Udal web gunean egin ahal izango da.

Apirilaren 30ean: Hitzaldia: musika, kognitiar kaltearen prebenzioan. Xabier Lizasok eskainiko du Igartzako jauregian 19:00etan. Xabier Lizaso pianojole eta ikerlariak, azken urteotan izan duen garapena dela eta, musikaren ariketa eta osasuna uztartzen dituen eremu bat sortu du, neuro-gaitzei aurre egiteko.

Maiatzaren 2an: Txikimusik. Musika Eskolako 5-7 urte bitarteko ikasleen emanaldia. Plaza azpian 17:15ean. Musika Eskolako Tailerreko eta Hastapeneko taldeek hainbat abesti aurkeztuko dituzte, era desberdinetan jorratuak, hau da, abestuz eta dantzatuz perkusio txikiko instrumentuen laguntzarekin; tuboak, kanpaiak eta abar. 

Egun berean Trakamatrakaren emanaldia eta Tailerra. Plazan edo plaza azpian, 18:00etan.  Partaidetza librea da. Birziklatutako edo etxean eta ohiko moduan erabiltzen diren materialak erabiliz, musika-tresnak egingo dituzte.  

Maiatzaren 3an: “Musika Plazan” emanaldia. Plazan edo Gernika pasealekuko Pilotalekuan 19:00etan. Musika Eskolako Talde handiak izango dira: Banda, Perkusio taldea, Trikitilariak, Koral taldea eta Narama abesbatza.

Maiatzaren 4an: kontzertua “Sorotan Bele Gogoan”. Plazan edo Gernika pasealekuko Pilotalekuan 19:00etan. Sorotan Belek eskaintzen duen emanaldi indartsua da, arrakasta handia izan duena hasi zirenetik. Musika Eskolako Banda, Koral taldea eta Narama abesbatza arituko dira beraiekin batera oholtzan. Emanali honek itxiko du egitarau. 

musika garaia aurkezpena

ATE IREKIAK ordutegia datak page 0001 MUSIKA GARAIA page 0001 

SOROTAN BELE page 0001