Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Euskal dantzak, Mugikortasuna eta 15 minutuko hiriak aztergai Uda Ikastaroetan Beasainen

2024/06/19

Euskal dantza tradizionalaren erreferente izango da Beasain ekainaren 25 eta 26an: dantzak gazteen formazioan dituen onurak eta euskal kulturara sartzeko eskaintzen dituen aukerak aztertuko dira

Irailaren 12an, “Biharko Mugikortasuna” izenburupean, arlo honetako bertako eta nazioarte mailako adituek parte hartuko dute goizeko saioan

Arratsaldez, “15 minutuko hiria irisgarritasun ikuspegitik” izeneko tailer praktikoan herritarrek mugikortasun urriko pertsonek hiri-ingurunean dituzten zailtasunak esperimentatuko dituzte lehen pertsonan

Beasaingo Udalak eta UPV/EHUKO Uda Ikastaroak Fundazioak, bien arteko lankidetzari jarraipena emanez laugarren urtez antolatu dituzte Uda Ikastaroak Beasainen. 2019an Beasaingo Udalak eta UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) hitzarmena sinatu zutenetik, Uda Ikastaroen 43. edizioaren esparruan hiru jarduera antolatu dituzte. Lehena ekainaren 25 eta 26an, bi egunez burutuko da eta Euskal dantzen eragina gazteengan izango dute aztergai. Ondorengo biak irailaren 12an ospatuko dira: goizeko ikastaroan “Biharko Mugikortasuna” izango da hizpide eta arratsaldeko tailer praktikoan berriz “15 minutuko hiria irisgarritasun ikuspegitik”. 

Igartzako jauregian egindako aurkezpenean, Beasaingo alkate Leire Artola, UPV/EHUko Uda Ikastaroetako idazkari akademikoa den Maider Kortajarena, Beasaingo Lurraldea saileko buru Adur Ugartemendia eta Ateak ireki dantzan ikastaroko zuzendari Iñaki Goirizelaia izan dira. Bakoitza bere arloan, eragin handiko hiru gaien inguruan antolatutako ikastaroak dira Beasainen burutuko direnak. Euskal dantza euskal nortasunaren adierazle izanik euskal kulturara sartzeko bitarteko baliagarria da. Beasain arlo horretan erreferente izateko eginkizunean ikastaro hau pauso garrantzitsua da. Bigarren ikastaroa, gaurkotasun itzela duen gaiari jarraipena emanez antolatu dute bi erakundeek, biharko mugikortasuna zertan izango den hain zuzen ere. Eta hirugarrena, mugikortasun urriko pertsonek bere egunerokotasunean dituzten zailtasun eta oztopoak lehen pertsonan bizitzea ahalbidetuko duen tailerra izango da, 15 minutuko hiriaren kontzeptu ezagunaren aterkipean.

Beasain eta Igartza ezagutzaren topaleku

Leire Artola alkatearen esanetan, Uda Ikastaroak erreferente bihurtu dira euskal gizartearen kultura programazioan. Gizartearen desafioei buruz eztabaidatzeko topagune dira eta arreta pizten dute. Beasaingo Udalaren asmoa da Beasain eta kasu honetan Igartzako Monumentu Multzoa ezagutzaren erreferentzia bihurtzea. Hiru ekitaldiak Udal gobernu honek bere helburuen artean dituen bi gai estrategikoen inguruan antolatu dira: batetik euskal nortasunaren ikur diren euskal dantzen ingurukoa eta bestetik Mugikortasun jasangarriari buruzkoa. 

Beasain euskal dantzen topaleku eta erreferente bihurtzeko asmo horretan, bertako dantza tradizionala ezagutzera eman eta zabaltzeko baliagarri izango da euskal dantzei buruzko jarduera. Bigarren ikastaroa udalak ingurugiroaren babesaren alde eta klima aldaketaren aurkako erronkan duen konpromisoarekin lotzen da. Eta azkena, kalitatezko espazio publikoaren diseinuari egiten dio erreferentzia. Pertsonak erdigunean jarriz,  irisgarritasuna eta erlazio sozialak sustatuko dituena.

Era berean Leire Artolak eskertu egin du Uda Ikastaroak Fundazioaren laguntza eta elkarlana, baita bertan parte hartuko duten erakunde eta enpresen parte hartzea.

Ikuspegi berriak esploratzeko aukera, UPV/EHUko Uda Ikastaroetan

Maider Kortajarena UPV/EHUko Uda Ikastaroetako (UIK) idazkari akademikoak adierazi duenez, Ezagutzaren Alde ikuspegi berriak esploratzeko aukera eskaintzen dute UPV/EHUko Uda Ikastaroek. Gizarteko arlo guztietako eragileen eta herritar ororen elkargune dira Uda Ikastaroak eta, horri esker ezagutza mota guztiak gurutzatzea ahalbidetzen da. UIK-ko idazkari akademikoaren hitzetan, “akademikoak, zientzialariak, enpresariak, langile profesionalak, administrazioko ordezkari eta beharginak, gizarte eragileak, belaunaldi ezberdinak, guztiak elkartu nahi ditugu ezagutzaren plazan eta xede horrekin hartzaile mota guztien intereseko programa osatu dugu askotariko eragileekin elkarlanean. Beasaingo Udalarekin lankidetzan gaur aurkezten ditugun ikastaroak dira adibide garbia, hiriburuetan ez ezik Uda Ikastaroak euskal geografia osora zabaltzea ere helburu baita UIK-rentzat. Uda Ikastaro Ibiltarien programaren bitartez, udalerriek esku artean dituzten erronkei buruzko ezagutzaren transmisioari eta hausnarketei lekua ematen diegu horrela”.

Kortajarenak gaineratu duenez, Beasaingo herriak aurreko urteetan izan duen harrera onari erantzunez, aurtengo edizioko eskaintza indartu da. Iñaki Goirizelaiaren eskutik gazteak eta euskal dantza lotuko dituen kultur eskaintza zoragarria gehitu da programazioan. Ikastaro horrek dantzaren eta herriaren gaineko gogoeta uztartzen ditu, dantzaren erroetara iristen da, gure herriaren ikur nagusia dela argi azalduz. Estrategikoa da bestetik, mugikortasunaren inguruan pentsamendu kritikoa eragiteko Beasaingo udalarekin lankidetzan aritzea, jasangarritasunaren erronkei guztion artean nola aurre egin eztabaidatzeko. 

Euskal dantza euskal nortasunaren adierazlea

Iñaki Goirizelaia da Ateak ireki dantzan ikastaroaren zuzendariak, euskal dantzak euskal diasporako gazteekin loturak estutu eta euskal kultura sustatzeko tresna oso baliagarritzat definitu ditu. Euskal kulturara hurbildu eta euskal gazteekin harreman sarea josteko tresna bikainak dira euskal kultura eta euskal dantza. Beraz, bi komunitateak saretzeko eta euskal kultura sustatzeko aukera bikaina eskaintzen du gorputz hizkuntzak.

Ateak Ireki egitasmoak diasporako gazteen eta Euskal Herriko gazteen arteko harremanak sendotzen laguntzea du helburu. Ameriketako Estatu Batuetatik etorritako gazteek euskal dantza eskolen eskaintza indartzeko interesa agertu zuten. Izan ere haientzat euskal dantza beraien euskal nortasunaren adierazlerik garrantzitsuenetakoa da. Eskaera horri, eta dantzak gazteen formazioan dituen onurak eta euskal kulturara sartzeko eskaintzen dituen aukerak aintzat hartuta antolatu da lehenengoz Uda Ikastaro hau.

Ikastaroan alde teorikoa eta alde praktikoa jorratuko dira eta ingelesa eta euskara erabiliko dira nagusiki. Euskal dantzaren alorreko irakasle adituek eskainiko dituzte saio nagusiak eta dantzak euskal festa baten testuinguru erritualean bizitzeko aukera ere emango die. Ikastaroan parte hartuko dute besteak beste, dantzan.eus-eko eta Aurtzakako ordezkariak. 

Biharko mugikortasuna

Adur Ugartemendia, Beasaingo Udaleko Lurraldea saileko buruak eta “Biharko mugikortasuna” ikastaroko zuzendariak irailaren 12an burutuko diren ikastaro eta tailerraren nondik norakoak azaldu ditu. 

Bere esanetan, mugikortasunak hazkunde azkarreneko kutsadura-iturria izaten jarraitzen du mundu mailan, izan ere, munduko isurpen guztien % 23 izan zen 2022an, Nazioarteko Energia Agentziaren arabera. Hori horrela, ikastaroa honako helburu hauek betetzera dator; mugikortasun konektatu, kooperatibo eta autonomoaren arloan dauden abangoardiako teknologien berri ematea; energia transizioaren testuinguruan, krisi-klimatikoari aurre egiteko mugikortasunak eskaini ditzakeen etorkizuneko teknologiak plazaratzea, eta erkidegoan eta hemendik haratago, erreferente diren enpresa, ikerketa zentro, unibertsitate eta bestelako erakundeen topaleku izatea elkarren arteko sinergiak indartzeko. 

Ikastaro hau, Unibertsitateko ikasle, irakasle eta profesionalei zuzendua dago. Ikastaro honetan, mugikortasun sektoreko ZF Autonomous Vehicles, Luleåko Unibertsitate Teknologikoa, Naitec, Railgroup, Normo eta Fineco-Kutxabank Energiaren Zirkuluko adituak izango dira.

15 minutuko hiria irisgarritasun ikuspegitik

Baina irailaren 12ko deialdia ez da goizeko ikastarora mugatuko, arratsaldean “15 minutuko hiria irisgarritasun ikuspegitik” izeneko tailerra egingo da. 

Herritarren bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin, hirigintza eredu berri bat aldarrikatu nahi da. Horrela, pertsona ororen beharrak asetzeko funtsezko zerbitzu guztiak etxetik abiatu eta 15 minutuko tartean kokatu beharko lirateke mugikortasun aktiboa erabiliz, hau da, oinez edo bizikletaz. Baina badira mugikortasun aktiboa praktikatzeko zailtasunak dituzten pertsonak adin, desgaitasun, gaixotasun edo bestelako faktore mugatzaileengatik eta gure hiriak gai izan behar dira hauen zailtasunak arintzeko. 

Horrexegatik, tailerraren parte-hartzaileek mugikortasun urriko pertsonek hiri-ingurunean dituzten zailtasunak esperimentatu ahal izatea da helburua. Horrela, zahartze-simulazioko jantziak, itsutasuna simulatzeko kit-ak, aulki gurpildunak eta beste bitarteko batzuen bidez, hala nola makuluak, haurtxoen gurditxoak, etab. Igartzako monumentu multzoaren inguruan ibilbide bat egingo dute taldeka, esperientzia hau bizi dezaten. 

Uda ikastaroetan izena emateko, www.uik.eus webgunetik egin behar izango da. Bertan adierazten da ikastaroei buruz jakin beharreko guztia.

uik aurkezpena 2024 5

uik aurkezpena 2024 3