Aho batez onartu dira Udalbatza osoaren bilkuran datorren urteko ordenantza fiskalak, Euskaltegian ikasteko diru laguntzak emateko oinarriak eta “Coworking” gunea erabiltzeagatik diru laguntzak emateko oinarriak
Udal ordenantza guztietan genero ikuspegia eta berdintasun irizpideak aplikatzea ere onartu da
Orain artean indarrean dauden zerga, tasa eta tarifak berdin mantenduko dira datorren urtean. Hala erabaki da gaur aho batez burutu den Udalbatza osoak egin duen ohiko bilkuran. Ordenantza fiskalen onespenaren ondotik aldaketa bakarra Jarduera Ekonomikoen Zergan eman da eta soilik milioi batetik gora fakturatzen duten enpresei eragingo die. Zergaren indizea %1,9tik %2,2ra igoko zaie. Gainontzeko zerga, tasa eta tarifetan ez dago igoerarik.
Herritarren batzordeak aurkeztutako proposamenen artean bi izan dira aho batez onartu direnak. Euskaltegietan euskara ikasten dutenei diru laguntzak emateko oinarriak eta “Coworking” guneak erabiltzeagatik emango diren diru laguntzak emateko oinarriak.
Coworking gunea erabiltzeko diru laguntza
Pertsona eta enpresa ekintzaileei zuzendutako diru laguntza hauek tokiko ekonomia eta gizarte garapena eta enplegua sustatzeko helburua dute. Honela, udalerriko enpresa txiki sortu berriek, jarduera edo proiekturen bat garatzen ari direnek, “coworking” modura lan egin dezaten ahalbidetzeko asmoa bete nahi da. Onartutako oinarrien arabera, besteak beste, espazio partekatu hauetan alokairu prezioaren %50a ordaintzen lagunduko da 12 hilabetez gehienez. Horretarako helbide fiskala Beasainen izatea edo bertan erroldatua egotea ziurtatu beharko da. Ekonomia jardueren gaineko zergan alta emanda egotea eta Beasainen jabetza lokalik ez izatea jarduera garatzeko baldintza ere bete beharko da. Informazio gehiago Igunean eskuratu daiteke.
Ordenantzetako hizkuntzaren errebisioa genero ikuspegitik
Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko legeak dioenari jarraituz, hizkuntza ez sexista izateko Beasaingo Udalean indarrean dauden ordenantzak berrikusteko prozesua burutuko da. Horretarako, onartu den erabakiaren arabera, genero ikuspegitik hizkuntza egokitu egin da ordenantzetan edukia aldatu gabe. Honela gaurkotuta geratuko dira ordenantza guztiak.
Osoko bilkuran aztertu diren beste gaien artean, Udalak Goiekiko administrazio kontseiluan duen ordezkari berria Joseba Mikel Olano Guembe izendatzea onartu da. Honela, karguari uko egin ondoren Garbiñe Zurutuzak utzitako lekua beteko du.