Garabideren eskutik Aitor Aldasoro alkatea Yukatanen da Beasainen hizkuntza politikaren arloan burutzen den lana partekatzeko eta Meridako udalak maia hizkuntzaren gainean dituen planak ezagutzeko
Bestalde, Beasaingo Udalaren laguntzarekin Garabide elkartea “Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu ikastaroa” ematen hasi da; bertan nazioarte mailako 12 hizkuntza komunitate ezberdinetako ordezkariak parte hartzen ari dira
Aitor Aldasoro alkatea Yucatan (Mexiko) estatuko hiriburuan da egunotan Beasaingo Udalak euskararen sustapenean aurrera eramaten dituen egitasmoak aurkezten eta modu berean Meridako udalak maia hizkuntzaren alde egiten dituen planei buruzko ezagutza jasotzen.
Munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen dituen Garabide erakundearen eskutik, Meridako alkatearekin eta udal ordezkariekin batzartu da Aitor Aldasoro. Udal agintari mexikarrek interes berezia dute Meridan bizi diren maia hiztunen aurrean duten ardura dela eta.
Beasaingo alkateak bere aurkezpenean Udala hizkuntza politikaren baitan gauzatzen ari den egitasmoei buruzko xehetasunak aurkeztu dizkie. Hala nola, ikastetxeetako ikasleei zuzenduta euskararen erabilera indartzeko zerbitzua, kirolean euskara txertatzeko “Euskara kirolera” egitasmoa, “Euskaraldia” kanpaina eta Udalak Garabide elkartearekin duen elkarlanerako hitzarmena, euskararen esperientziatik abiatuta hizkuntza gutxiagotuak biziberritu eta bultzatzeko proiektuei babesa ematea oinarri duena.
Halaber, Aitor Aldasoro Meridan burutzen ari diren formakuntza tailerrak ere ezagutuko ditu eta Yucatango Unibertsitate Autonomoko Antropologia Zientzietako fakultateko zuzendariarekin elkartuko da. Baita ere, unibertsitate bereko Ikasle maientzako Programa Instituzionalaren koordinatzailearekin, maia hizkuntzaren berreskurapena eta sustapenari buruzko formakuntza tailerreko koordinatzailearekin eta maia ordezkari indigenekin.
Hizkuntza biziberritzeko formazioaren babesle
Bestalde, hasi da aurtengo Aditu Ikastaroa. Garabide elkartearekin duen hitzarmenaren baitan, Beasaingo Udalak formazio ikastaro honen laugarren edizioa ere babestu du. Ikastaro hau, hizkuntza berreskurapenaren inguruan lanean ari diren herri indigenetako erakundeak indartzera bideratuta dago. Formakuntza ikastaro honetan 12 hizkuntza gutxiagotutako 21 aktibista indigenen ordezkariak daude; Guatemalako kaqchikel, kitxe eta ketxiak, Mexikoko yukatango maiak eta nahuatlak, Kolonbiako nasak, Ekuadorreko kitxuak, Boliviako guaraniak, Brasilgo kashinawa, Wallmapuko maputxeak, Kurdistaneko kurdua eta Afrika iparraldeko amazigha.
Ikastaroa martxan da Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean eta abenduaren 14ra arte iraungo duen ikastaroan euren herrietan hizkuntzaren aldeko aktibista direnek 500 ordu baino gehiagoko formazioa jasoko dute hizkuntza biziberritzeko estrategietan. Beasaingo Udala eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia dira formazio honen babesleak eta, nagusiki, hiru ardatz ditu: klase teorikoak, bisita didaktikoak eta herriz-herriko bira. Honen harira, aipatzeko da, urriaren 6an Beasaingo Boluntario egunean Hizkuntza lankidetza ezagutzera emateko standa jarriko dutela eta Aditu Ikastaroko partaideak bertan egongo dira.
Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatearekin batera antolatzen den formazio hau erakundeen arteko harreman estrategikoak indartu eta etorkizunean garatu ahal izango diren proiektuen oinarriak ezartzea ahalbidetzen duen proiektu bat da, hizkuntza berreskurapenaren inguruan lanean ari diren herri indigenetako erakundeak indartzera bideratuta dagoena. Funtsean, euskal esperientziaren eta hizkuntzaren berreskurapenerako gakoen gaineko formazioa eskaintzen zaie munduko hizkuntza komunitate gutxituetako ordezkariei, ondoren beraiek euren prozesuaren protagonista izan daitezen. Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroa Garabidek gauzatzen duen formazio proiekturik garrantzitsuena da, eta baita hizkuntzen berreskurapen arloan munduan egiten den bakarrenetarikoa ere. Hori dela eta, Beasaingo Udalak, hizkuntza politikaren arloan aurrera daramatzan egitasmoen baitan kokatu du Garabiderekin sinatutako hitzarmena ere.