Herritarren kezka nagusiei erantzun nahiko lioke gobernu taldeak eta honela ongizatea, berdintasuna, enplegua eta ekonomia bezalako arloetan eman dira igoera aipagarrienak. Euskara sustatzea helburu duen kopurua ere igo da Aittu elkartea bultzatzeko
Herriaren hobetzeko aurre ikusitako inbertsioak Oriamendi kalearen konponketa, Nafarroa etorbidea eta Oriamendiren arteko irisgarritasuna hobetzeko igogailua, erakusketa areto berriaren erosketa, kiroldegiko kantxaren zorua berritzea edo Aranealde elkartearen egoitza berria izango dira. Zuhurtasunez jokatuz, gastu mugara egokitutako aurrekontua aurkeztu du udala egoera ekonomiko onean mantentzeko
Udal gobernuaren 2020ko aurrekontu proposamena, legegintzaldi honetarako bost helburu estrategiko nagusietan oinarritzen diren aurrekontuak izango dira. Gobernu onaren kudeaketa eredua, jarduera ekonomikoa eta tokiko enplegua, herritarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea, herri nortasuna eta jasangarritasunaren baitan ingurune zaindua duen udalerri atsegin, eroso eta irisgarri bat eraikitzea.
Jarduera ekonomikoa eta enplegua
Herritarren etorkizuna hobetuko duten proiektuei heldu nahi die udal gobernuak. Pertsonen ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea helburu duena eta enpleguaren sustapena eta herri eroso eta atseginago bat eraikitzen jarraitzea lehenesten duena. Tokiko enplegua eta jarduera ekonomikoaren sustapenarekin lotutako egitasmoek jarraipena izango dute. Enplegu planari lotuta, formazio espezifikoa bultzatzeko beasaindar langabetuentzako Goierri Eskolan ikastaroak sustatuz jarraituko du Udalak lan duina eta egonkorra bermatzeko. Merkataritzan, jarduera ekonomikoa suspertzeko ekimen berriei dagokionez, lokal hutsak betetzeko helburuarekin alokairurako diru laguntzak bideratuko dira; eremu degradatuak biziberritzeko, lanbide berriak erakartzeko edota belaunaldien aldaketa gertatzean laguntza izateko.
Ongizatea
Herritarren ongizatea udal gobernuarentzako ildo estrategiko garrantzitsua eta lehentasunezkoa izaten jarraitzen du. Gizarte ongizatean gastua %5.9 igotzea aurre ikusi da. Pertsona helduen konpainia zerbitzurako partida bideratuko da, mendekotasunari aurre egiteko tailerretarako. Ahulezia egoeran dauden herritarrei erantzuna emango dien baliabideak handituko dira, etxez-etxeko laguntza zerbitzurako aurrekontua %10 igoko da, honela onuradun gehiagok zerbitzua jaso dezatean. Halaber, babespeko bosgarren etxebizitzarako ekipamendurako inbertsioa handituko da. Zahartze aktibo atseginerako ekimenek pisu handia izaten jarraituko dute, honela helduentzako dantza saioetarako baliabideak bideratu dira. Udal gobernuak adineko beasaindarren ongizatearekin duen konpromisoari lotuta 80 urtetik gorako herritarrei su detektagailuak jartzearekin, euren beharren diagnosia egiteko balioko du.
Hirigintza eta hiri-mantenua
Herriko gune ezberdinetan eta auzoetan hobekuntzak egiten jarraituko da, herritarren beharrei egokitutako Beasain atseginago, erosoago, irisgarriago eta finean bizigarriago eraikitzen jarraitzeko. Herriko gune ezberdinak mantentzea geroz garrantzi handiagoa du gobernu taldearentzat eta azken lau urteetan ikusi den bezala, dagoena hobetu eta konpontzen hartuko ditu lanak, lorategi, espaloi, asfaltaketa eta abar luze bat. Esku-hartze urbanistikoei dagokionez honako proiektuak nabarmendu daitezke:
. Dolarea parkea birgaitzeko proiektua eta Igartza Oleta kalean norabide bikoitza jartzeko lanak.
. Nafarroa etorbidea eta Oriamendi kalearen arteko loturan irisgarritasuna bermatzeko igogailua.
. Espaloietan egingo diren beheraguneak edo hozkadurak irisgarritasuna hobetzeko.
. San Inazio kaleko eraberritzea eta Oriamendi kalea konpontzeko azterlanak.
. Erakusketa areto berri bat herriaren erdigunean.
. Bonberia eraikinaren proiektuak aktibatuta jarraituko du dantza tradizionalari lotuta.
. Kiroldegiko saskibaloi kantxaren zorua berritzea eta taberna berria kokatzeko proiektua.
. Porteria eremuko berurbanizazioak bere bidea egiten jarraituko du. Uholdegarritasun arriskuari amaiera emango dioten lanen hurrengo urratsak emango dira.
. Bernedoko aparkalekuan argiteria hobetuko da eta udalerrian toki adierazgarrienen argiztapenaren proiektuarekin jarraituko da.
. Landa ingurunean gastu aurre ikuspena, iazkoarekiko %11,4 inguru igo da, bereziki, baserri bideen mantentzerako eta auzoetako garraiorako gastu aurreikuspena handitu izanaren ondorioz.
. Elkarte eta eragileekin egiten den Mugikortasunaren mahaia sustatzeko ere inbertsioa egingo da.
. Ingurumenari lotuta, Oria ibaia balioan jartzeko helburuz ertzetik igarotzen den natur bidea edo ibilbide berdea egiteko azterlana egingo da.
. Haurren parte hartzea sustatzeko Haurren Hiria proiektua gauzatuko da herriko haurren iritzia biltzeko.
Hizkuntza eta berdintasuna zehar lerro garrantzitsuak
Sail guztietan zehar lerro gisa hedatzen diren arloak dira gobernu taldearentzat hizkuntza politika eta berdintasuna. Hizkuntza politikaren alorrean %9 igo da gastua Aittu Beasaingo euskara taldearen aldeko kopuruaren gehikuntzarekin. Abian diren proiektuak indartze aldera (hizkuntza errefortzurako zerbitzua euskararen erabilera indartzeko, Euskara Oinarritik Kirolean ezagutza eta erabilera sustatzeko … ) berrikuntza gisa udaleku irekietarako begirale titulua eskuratzeko ikastaroa antolatuko du gobernu taldeak.
Gizarte parekideagoa eraikitzeko aurrera pausoak etengabe emanez jarraituko du udal gobernuak. Berdintasun arloan, gastu aurre ikuspena %4,54 igo da. Aipatzekoa, Herrilab proiektuarekin hurrengo fasean ekintza plana abian jarriko dela Foru Aldundiarekin elkarlanean Beasain kontziliazio erantzunkidearen eredu izateko Gipuzkoan. Aurreko legegintzaldian gobernu taldeka egin zuen moduan, pertsonalari dagokionez teknikari baten kontratazioa aurre ikusten da sailaren plangintza gauzatzeko.
Nortasuna eta osasuna aisian
Kulturan, Igartza Musika Beka, Igartza Musika Programa zikloak jarraipena izango dute eta dantzan.eus elkartearekin elkarlanean jarraituko da. %5,14 igoko da gastua aurre ikuspenen arabera. Kultur jardueretarako kopurua igoko da eta dantza tradizionalaren gaineko goi mailako ikuskizuna antolatzeko. Igartzan EHUko Uda ikastaroek jarraipena izango dute eta liburuak kalean irakurtzeko etxolak ere jarriko dira. Bonberia eraikinari buruzko proiektuak aktibatuta jarraituko du dantza eta kulturaren sustapenari zuzendutako espazio bilakatzeko.
Kirolean Euskadi Fundazioarekin lankidetza eta babesa mantenduko da txirrindularitza udalerrian sustatu eta bultzatzeko. Modu berean, entrenatzaileen teknifikazio eta euskalduntzerako ikastaroei ematen zaien babesarekin jarraituko da. Kiroldegian egingo diren inbertsio berriek ere jarraipena izango dute etengabeko hobekuntzan erabiltzaile onuradunek kalitatezko zerbitzua jasotzen jarrai dezaten.
Finantza egoera orekatua
Guztira, 2020 ekitaldirako aurrekontua 16.668.611,24 eurokoa izango da, iazkoaren antzerakoa, zehazki %0,13 txikiagoa. Udal gobernuak, zuhurtasunez jokatuz, gastu mugara egokituta egindako aurrekontua aurkeztuko du, Udalak aurreikusten dituen diru sarreren azpitik mugatu dituela gastuak. Horrela 3.195.000 euroko inbertsioak jasotzen dituen aurrekontua osatu ahal izan da.
Egoera ekonomiko orekatua mantenduko du zorpetze maila 2020 ekitaldi hasieran %2,69koa izatea aurreikusten da, Gipuzkoan bataz bestekoa %4,2 denean. Garrantzitsua da adieraztea gobernu taldearen kudeaketa onari esker, Udalak une honetan duen diruzaintzako gerakina 9.812.439,87 euroko dela.
Funtsean, herritarrei begira, udalerri atsegin eta erosoagoa eraikiz, pertsonak eta hauen bizi kalitatea bermatzen jarraitzeko helburua duen aurrekontu proposamena da gobernu taldeak aurkeztutakoa. Azaroaren 28ko Udalbatza osoaren bilkuran aurkeztuko da 2020rako aurrekontu proposamena onartua izan dadin.