Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Udal gobernua

Sexu-askapenaren aldeko aldarria ekainaren 28an

2020/06/27

Ekainaren 28a sexu-askapenaren nazioarteko egunaren harira, Beasaingo Udalak ondorengo adierazpen instituzionala ematen du jakitera

Igartzako jauregia kolorez argiztatuko da igande gauean

Aurten ere, 1969ko ekainaren 28ko goizaldean Stonewall Inn tabernan (New York) gertatutakoaren oroimenak bultzatuta, beste behin bildu gara LGTBIQ (Lesbiana, gay, transexual, bisexual, intersexual, queer) kolektiboaren eskubideak erreibindikatzeko eta aniztasunetik abiatuta errespetuaren eta bizikidetzaren alde egiteko. 

Beasaingo Udalak, eskerrak eman nahi ditu bizitza eta ahaleginak egin dituzten pertsona guztiei sexu-askapenaren aldeko borrokaren alde, eta, gaur egun, gizartea sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eraldatzeko lana antolatzen eta gauzatzen jarraitzen dutenei. Era berean, hemen eta gure mugetatik kanpo isilik irauten duten pertsona guztiak aitortu eta ahaldundu nahi ditu. Eta oso bereziki 2020. urte honetan, hain ohikoa ez den egoera bat bizitzen ari garen honetan.

Mundu guztian zehar etxeetako itxialdi orokorrera behartu gaituen pandemiak, kolektiboko pertsona asko erabateko babesgabetasunera eta ikusezintasunera eraman ditu. Eman diren egoera askoren artean, arreta jarri nahi dugu beren bizikidetza-ingurunean, euren burua ezkutuan egotea behartuta ikusi duten pertsona guztiengan, bai eta hurbileko pertsonen zainketen zama beren gain hartzen duten eta honengatik, aldi honetan bereziki bakardadea eta urruntasuna jasan duten LGTBIQ kolektiboko pertsona guzti horiengan.

Azken urteotan, agerikoa da faxismoa defendatzen duten taldeen itzulera eta foro publiko jakin batzuetatik ere egiten diren saiakerak, LGTBIQ kolektiboaren eskubideei buruzko zalantzaren hazia mahai gainean jartzea, bai eta pertsona guztien berdintasunari buruzkoa ere.

Horregatik uste dugu berebiziko garrantzia dutela bizitza eta eskubideak babesten dituzten lege arau berrituak. Oso garrantzitsua da, halaber, LGTBIQ kolektiboaren egungo errealitatea ezagutzea, hiri-zurrumurru eta -kondairez gain, egiaztatutako eta kuantifikatutako datuekin.

Ikusgaitasun lesbiko, trans eta bi-en egunak, trans despatologizazioaren aurkakoak, LGTBIfobiaren kontrakoak... bat egiten dute gaur egun, garen bezala izatearen eta nahi dugun bezala desiratzearen harrotasunaren aldarrikapenean, bakoitza bere erara, denak eta anitzak.

Hori guztiagatik, pertsona guztiak, egun hau sexu-askapenaren alde egiten ari garen aurrerapen guztiak ospatzeko aprobetxatzera animatzen ditugu.

COVID-19ren urtean, oso konplexua da LGTBIQ kolektiboarentzat kalera irtetea errealitatea ikusarazi eta aldarrikatzera. Gainera, arduragabekeria litzateke herritarrei kalean bilera masiboak egitera deitzea. Baina, krisietatik aukerak atera behar dira, eta, horregatik, ez da aukera galdu behar denboraldi honek gure gizartea eraldatzeko eman duen hausnarketan; eta hori egin beharra dago banantzen gaituen guztia kenduz eta izateko eta adierazteko askatasuna eman behar diren bizikidetza-arauak indartuz, LGTBIQ kolektiboko pertsonei, eta gainerako pertsona guztiei.

Herritarrei eskatzen diegu, beraz, sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekitaldi guztiekin bat egin dezatela, foro publikoetatik, komunikabideetatik eta sare sozialetatik erakuts dezatela gaur aniztasunaren aldeko borroka-eguna dela. Horretarako, balkoiak ostadarraren koloreekin atontzeko animatzen ditugu. Udalak, sentiberatasun hori azaleratzeko, Igartza Jauregia ortzadarraren koloreez argiztatuko du. 

Horrez gain, Beasaingo udalak konpromezua hartzen du ondorengoak burutzeko:

  1. Errespetua eta elkarbizitza oinarri izango dituen jendartea lortzeko lan egingo dugu, homofobia, LGTBIQfobia desagerrarazteko lan egiten duten herriko elkarte feministak, pertsona eta beste hainbat eragileekin elkarlanean.
  2. Trans-zikloa bezalako egitasmoak sustatu eta koordinatzen jarraitu, LGTBIQ kolektiboa bistaratu eta herritarren kontzientziazioa indartzeko, bertan herritar guztiei parte hartzera animatuz.
  3. LGTBIQ pertsonen eskubideak bermatze aldera, administrazio-formularioetan aldaketak egitea binarismoa gainditzeko eta espazio publikoko elementuak egokitzeko. 
  4. Herriko ikastetxeekin batera, haur eta gazteen artean gure gizartearen aniztasuna (sexu orientazioa, genero identitatea, jatorria, erlijioa…) ikusarazi eta errespetatzen erakutsiko dieten edukiak eta ekintzak lantzea. 
  5. Herriko hezkuntza arloko eragileekin batera LGTBIQ haur eta gazteek bullying egoerarik pairatu ez dezaten elkarlanean aritzea.     
  6. Herriko adinekoen egoitzarekin lankidetzan aritzea, LGTBIQ pertsonek beren aukera sexuala eta genero aukera askatasunez bizi ahal izan dezaten. 
  7. Udal programazioan LGTBIQ kolektiboaren bisibilizazioan lagunduko duten edukiak programatzea. 
  8. Herriko kirol taldeentzako formakuntza saioak antolatzea, kirolaren eremuan ematen diren diskriminazio egoerak ekiditeko helburuarekin. 
  9. COVID-19 pandemiak ekarri digun testuinguru berrian ere lanean jarraitzea berdintasunezko gizarte baten alde. 
  10. Eusko Jaurlaritzari eskatzea LGTBIQ Euskal Lege Integrala landu dezala. 
  11. Arlo honetan eskuduntzak dituzten erakunde ezberdinei eskatzea emakume transexualek bizi dituzten diskriminazio egoerei eta batez ere, lan merkatuan sartzeko dituzten zailtasunei aurre egiten laguntzeko ekimenak bultzatzea. 
  12. Herriko gizarte eragile ezberdinekin LGTBIQ pertsonen aurkako indarkeria / erasoei erantzuteko protokoloak diseinatu (jai-eremuetarakoekin hasi, adibidez).