Segurtasun distantzia mantentzea, maskara erabiltzea eta udalak sarreretan jarritako gel hidroalkoholikoaz eskuak garbitzea dira oinarrizko neurriak. Botoa etxetik prestatuta eramatea ere gomendatzen da
Covid-19aren osasun larrialdiaren eraginez, segurtasun eta babes neurriak indartuko dira datorren uztailaren 12an Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan boza emateko udalerriko hauteslekuetan. Beasaingo Udalak, beharrezkoak diren babes neurriak ezarriko ditu udalerrian banatuta dauden hiru hauteslekuetan, Murumendi eskola, Loinazpe ikastetxea eta udaletxean.
Honela bada, lasaitasun mezua zabaldu nahi die herritarrei datorren igandean inolako kezkarik gabe bozkatzera joateko. Jende pilaketak ekiditea izango da garrantzitsuena, horretarako segurtasunezko distantzia mantendu beharko da, hauteslekuetan sartzeko maskara jartzea beharrezkoa izango da eta sarrera guztietan gel hidroalkoholikoa egongo da sartu aurretik eskuak garbitzeko.
Antolaketa guztia aurreikusita dago eta erraztasunak emango dira une oro herritarrek bozkatu dezaten. Horretarako hautes-mahaien arteko distantziak handituko dira. Boluntarioak egongo dira jendea bideratu eta tarteak gordetzeko. Botoa emateko orriak dauden kabinak hauteslekuetatik kanpo kokatuko dira. Dena den, kartazala etxetik prestatuta eramatea gomendatzen da.
Udalak gogorarazten du duela hilabete hasi zela herritar guztien artean doan banatzen maskara berrerabilgarriak eta oraindik jaso ez duenik bada Igunetik pasa daiteke hartzera. Etxebizitza bakoitzetik pertsona bat joatea gomendatzen da.