Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Udal gobernua

Dolarea parkea eraberritzeko lanak otsailaren bukaeran hasiko dira

2021/01/30

Moyua enpresari esleitzeko erabakia onartu zen gobernu batzordean eta lanek 5 hilabeteko iraupena izango dute

Euskal kultura eta literatura zabaltzea helburu duen Igartza Literatura Bekaren oinarriak onartu zituen udalbatzak osoko bilkuran

Mikel Plazaolak, EAJ udal taldean zinegotzi kargua hartu zuen  

Proiektuaren ildo nagusiak ezarri zituen herritarren parte-hartze prozesu baten ondoren, Udal gobernuaren 2019-2023 legegintzaldi Planaren mugarri handienetako bat, azken fasean sartu da. Dolarea parkeak eskatzen zuen eraberritzeko lanak otsailaren amaieran hasiko dira eta uztailaren amaierarako bukatzea espero da. Eraberritzea gauzatzeko proiektua bere garaian egindako lehiaketan irabazle atera ziren bi arkitekto beasaindarren lana da. 

Dolarea parkea zaharberritzearen helburu nagusia Beasaini espazio publiko irisgarri, balioaniztun eta integratu berri bat ematea da, Igartzako Monumentu Multzotik pauso batera. Proiektuaren diseinua gidatu duten irizpideek Dolarea parkeari irisgarritasun hobea ematea dute helburu, berdeguneen banaketa optimizatuz eta zuhaiztia balioan jarriz. Oria ibaiaren iparraldeko ertzaren hiri-paisaia aberastuko du gune berriak. Honela, udal gobernuaren xede nagusia den beasaindarren ongizatean eta ondorioz bizi kalitatean eragin zuzena izango duen egitasmoa errealitate bihurtuko da.

Igartzan barneratuko den eremua 

1987an egindako esku-hartzearekin alderatuz, aldaketa handienak agertokiaren eraispenean eta berdeguneen homogeneizazioan daude. Diseinu berrituari dagokionez, anfiteatroaren erdialdea gune gardena izango da, parkeari balio-aniztasun handiagoa emango diona. Haurrentzako jolasetarako bi txorrota-iturri nabarmentzen dira, txikienen gozamenerako. Era berean, berdeguneak bateratu egingo dira eta hainbat sarbide jarriko dira.

Proiektuaren beste jauzi kualitatibo bat Igartza-Oletako integrazio eta sarbide berriarekin lotuta dago. Pasealekuaren kotatik abiatuko den arrapala zabal bati esker, ibaiertzetik parkeak duen presentzia biderkatu egingo da. Irekiko den perdpektiba berriak, zoladura bera erabiltzearen batera, Dolareak gaur duen isolamendua desagertaraziko du, eta Igartzako eremuan pieza garrantzitsu gisa integratuko da.

Lanen ardura Moyua enpresari esleitu zaio Gobernu batzordearen onespenarekin eta esleipen prezioa 741.297,86 eurokoa (+ BEZ) izango da. 

Dolarea3Ur-jokoen irudikapena

Euskal idazle gazteen sorkuntza saritu

Udalbatzaren osoko bilkurak, XXIV. Igartza Literatura Sorkuntzako bekaren inguruko oinarriei onespena eman zien aho batez. 1994 urtean sortu zuen Beasaingo Udalak, Beasaingo CAF enpresaren babesarekin eta ELKAR argitaletxearen laguntzarekin, euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz. Proposamena aho batez onartua izan zen. 

Edizio berri honek euskal idazle gazteen sorkuntza lana sustatzea du helburu, euskal kultura eta literaturaren alde egiteko. Udala sustatzaile izanik, Elkar eta CAF enpresa, laguntzaile eta babesle dira. Hitzarmenaren arabera, bekaren zenbatekoa 6.000,00 eurokoa da, eta hiru erakunde horiek egindako ekarpenetatik ateratzen da zenbateko hori, hau da; Beasaingo Udalak 1.000 €, CAF enpresak  4.000 € eta Elkar argitaletxeak 1.000 €.

Mikel Plazaola zinegotzi berria

Urtarrileko udalbatzaren osoko bilkuran, EAJ udal taldean zinegotzi kargua hartu zuen Mikel Plazaola Oyarzabalek. Honela, Aitor Aldasorok utzitako lekua bete du.

mikel plazaola 3web

Osoko bilkuran aztertutako gaien artean, Ostalaritza aurrera! elkarteak aurkeztutako mozioa zegoen. Udal gobernuak mozioa bozkatzeko proposamena atzeratzea erabaki zuen ostalarien elkartearekin mozio bateratu bat lantzeko prozesuan daudelako. Mozioaren testua adostu ondoren aurkezteko asmoa azaldu zen.  

Onartutako beste gaiak hauek izan ziren; mendekotasuna edo desgaitasuna duten Beasaingo pertsonentzako laguntzak estimulazio-errehabilitazio programak egiteko (aho batez onartua); Udalak antolatutako ekitaldietarako udal jabetzako edo alokatutako azpiegiturak muntatzeko eta desmuntatzeko zerbitzua kontratatzea (EHBildu aurka -5-; EAJ -10- eta PSE -2- alde); eta erakunde kolegiatuetarako Udal ordezkarien izendapenean egindako aldaketak.  

plenoa 20210128 7