Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Udal gobernua

Segurtasun alorreko ekimenak koordinatzeko mahaia osatu da

2021/03/31

Segurtasun sailaren eta Beasaingo Udalaren ordezkariek osatuko dute eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko elkarlanari jarraipena egingo dio  

Beasaingo Udalak eta Segurtasun sailak sinatu berri duten hitzarmenak, Beasainen herritarren babeserako segurtasun arloko eginkizunen banaketa, funtzionamendua, koordinazioa eta jarraipena egiteko alde bietako ordezkarien mahaiaren eraketa finkatu du. Orain lau urte Eusko Jaurlaritza eta Beasaingo Udalaren artean segurtasun arloan hitzarmen marko bat sinatu zen. Hitzarmen horren barruan jasotzen zen, Ertzaintza eta Beasaingo Udaltzaingoaren arteko lan-ekimenak koordinatzeko mahai bat osatuko behar zela, eta horixe da hitzarmenarekin gauzatu dena.

Mahaiaren osaketa eta eginkizunak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Beasaingo Udalaren arteko lankidetza hitzarmenean jasotakoaren arabera, ekintzak koordinatzeko mahaia eratutzat ematen da eta honako hauek osatuko dute; Oriako Ertzain-etxeko unitate burua eta herritarren babeserako burua, eta Beasaingo Udaletik alkatea eta udaltzainburua.

Funtzionamendua eta eginkizunei dagokionez, oro har, ekintzak koordinatzeko mahaia sei hilean behin bilduko da eta ohiz kanpo ere bilduko da bi aldeetakoren batek hala eskatzen duenean. 

Ondoren mahai tekniko bat osatuko da eta bertan lanen eskumenak banatuko dira, nahiz eta beti bien arteko elkarlana bultzatuko den. Funtzio nagusiak polizien lan-eginkizunen ardurak banatzea edo elkar-lagunduz planifikatzea izango da. Gertakariak aztertu, tipologia zehaztu, berrikusi eta protokoloak ezarriko dira, baita  koordinaziorako aurreikusitako mekanismoak abian jartzea, bilakaera ikustea eta segimendua egitea ere.