Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Udal gobernua

Pandemiak nerabeen mundu digitalerako lotura areagotu du

2021/06/16

Haur eta nerabeen diagnostikoaren emaitzen arabera osasun larrialdiaren ondorioz gazteen aisialdi ohiturak aldatu dira

Euskara, berdintasuna, kultura eta espazio publikoei buruzko argibideak azaleratu dira 

Beasaingo Udalak burutu duen herriko haur eta nerabeen diagnostikoaren ondorioak ezagutu eta herritarren iritziak jasotzeko jardunaldia burutu zen asteartean Igartza Jauregian.  Bertan, Leire Artola alkateak eta Aztikerreko Xabier Luque teknikariak ikerketaren bidez jaso diren ideia nagusiak azalerazi zituzten.

Diagnostikoan egin den lanketaren arabera, pandemiak nerabeen aisialdi ohituretan aldaketak ekarri ditu. 13 eta 16 urte bitarteko nerabeen ia erdiak aisialdi aukerak murriztu zaizkiela aitortzen dute eta honek euren aisialdiaz gozatzeko zailtasunak ekarri dizkietela defendatu. Pandemiaren bigarren ondorioetako bat gazteek mundu digitalarekin duten harremana geroz eta gehiago sendotzea izan da. 

Ikerketaren arabera egunean haur eta gazteek duten aisialdi garaian ia 5 ordu igarotzen dituzte pantailari begira. Gainera, abagune horretan Interneten erabiltzen dituzten plataformetan ez dago euskararen presentziarik.

Berdintasuna, euskara eta kulturaren inguruan argibideak

Ikerketaren datuek azalerazi dutenez, bereziki 12 urtetik gorako nerabeek feminismoa eta sexualitatean sakontzeko beharra dute. Azken honetan pornografia dute agente hezitzaile gisa eta auzi honi heltzeko beharra frogatu da. Bestetik, gurasoen kezketako bat nerabeek norberaren irudiari emate dioten garrantzia dago.

Euskarari dagokionean, hizkuntza ohituretan eragiteko zailtasunak ageri dira. Izan ere, datuek eremu euskaldunena eskola dela erakutsi dute eta 12 urtetik gorakoek gaztelerara gehiago jotzen dutela zeinaratu. Gainera, mundu digitalean ez dute euskarazko ikus-entzunezko tresna eta erreferentziarik.

Kultura beste erronka nagusietako bat izanik, nerabeentzako 13 urtetik gorako programazio kultural eraginkorra burutzeko zailtasunak daudela nabarmendu da. Baita kultur sorkuntzaren sustapena burutzeko aukera eta beharra ere. Horretaz gain, nerabeei egokitutako espazio falta erakutsi du diagnostikoak. Nerabeek haurrentzako ez diren parke moten nahia erakutsi dute. Horri jarraiki, ludoteka eta Gaztelekuaren zerbitzuaren baliagarritasuna ere ezbaian jarri da.

Parte hartze zabala

Beasaingo 7 eta 18 urte arteko haur, nerabe eta gazteei zuzendutako zerbitzu eta programak baloratzea helburu zuen diagnostikoa osatzeko herriko hainbat eragilek hartu dute parte, hala nola: Txilibutxofek, BKL Saskibaloi taldeak, Futbol elkarteak, Ostadar Dantza Taldeak, Aurtzaka Dantza taldeak, La Salle, Andramendi, Murumendi eta Alkartasuna ikastetxeetako guraso elkarteak, La Salle eta Andramendi ikastetxeetako DBHko ikasleak, Murumendi eta Alkartasuna ikastetxeetako LHko ikasleek, Beasaingo Udaleko Herritar Batzordeko teknikariak eta udal alderdi guztietako ordezkari politikoak.

Diagnosi honi esker, Udal gobernuak legealdi planean eta 2021 urteko aurrekontuetan hartutako konpromisoari jarraiki diagnostiko honen azterketa burutu du eta haur eta nerabeei zuzendutako politikaren oinarriak finkatzea litzateke helburua. 

haur nerabe diagnos 4