Gizarte ongizatea indartu eta azpiegiturak mantendu eta hobetzeko helburuari eutsiz aurrekontu orokorra %8 igoko du
Behar gehien duten herritarrei laguntzeko Esku hartze zerbitzuen kopurua nabarmen igoko da
Enpleguari eta enpresei zuzendutako laguntzak mantenduko dira
Herritarren behar nagusiei erantzuteko, gobernu taldeak 2022rako prestatu duen aurrekontu proposamena jakitera eman du. Osasun krisiari eta honek utzitako ondorioei aurre egiten jarraitzeko aurrekontu-proposamena landu du. Datorren urteko aurrekontu proposamenak %8ko igoera du eta kopurua 17.665.000 eurokoa izatea aurreikusi da.
Herritarrak jomugan izanik, gastu soziala handitu, behar gehien dutenei erantzun inor bazterrean utzi gabe eta normaltasunera itzultzeko bidean udalerriko elkartegintza sareari laguntzak mantentzeko asmoari eusteko helburuarekin ondu ditu datorren urteko aurrekontuak gobernu taldeak.
Era berean, 2022a onartutako aurrekontuekin hasteko konpromisoa bete nahi du gobernu taldeak. Besteak beste, Udalak eskuzabaltasunez eta malgutasunez jokatzeko joera mantenduko du bizi dugun egoera sozio-ekonomikoak baldintzatuta, bazterketarik gabe, enplegua, ekonomia eta ongizateari dagozkion alorretan begia jarriz.
Udal gobernuaren 2022ko aurrekontu proposamena, legegintzaldi honetarako bost helburu estrategiko nagusietan oinarritzen diren aurrekontuak izango dira; hala nola, gobernu onaren kudeaketa eredua, jarduera ekonomikoa eta tokiko enplegua, herritarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea, herri nortasuna eta jasangarritasunaren baitan ingurune zaindua eta herritarrei egokitzen den udalerri atsegin, eroso eta irisgarri bat eraikitzeko.
Enplegua eta ekonomiaren sustapena
Herritarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzeko, enpleguaren sustapena eta tokiko ekonomia bultzatzea lehenesten duen kudeaketa zuhurra aurrera eramaten jarraitu nahi du udal gobernuak.
Enplegu planari lotuta, formazio espezifikoa bultzatzeko ikasketak dituzten beasaindar langabetuentzako Goierri Eskolan ikastaroak lagunduz jarraituko du Udalak lan duina eta egonkorra bermatzeko.
Garapen ekonomikoan tokiko enpresei Berrabiarazi programaren bidez, digitalizazioan eta nazioartekotzean laguntzeko finantziazioa bideratuko du Udalak eta Anezka, enpresa berriak sortzen dituztenentzako egoitzaren mantenua hartuko du bere gain.
Tokiko Merkataritzan, jarduera ekonomikoa suspertzeko ekimenei dagokionez, lokal hutsak betetzeko alokairurako diru laguntzak, herrian erosketak egitera bultzatzeko sentsibilizazio kanpainak, eta azokan fidelizazio kanpainak gauzatuko dira.
Gizarte ongizateko aurrekontua igoko da
Herritarren ongizatea udal gobernuarentzako ildo estrategiko garrantzitsua eta lehentasunezkoa da. Ongizate sailaren egitura egonkorra eta balekoa denez, udal gobernuak indartuz jarraitu nahi du egoerak eskatutakoaren arabera. Inor atzean bazterturik utzi gabe %3,4 igoko du sail honetako aurrekontua.
Aipamen berezia merezi dute Esku hartze zerbitzuek, hauei zuzendutako kopurua %13 igoko baita 265.265 euroraino. Adin nagusiko pertsonak, adineko eta adingabekoen familiak, egoera bereziko pertsonak, nagusien akonpainamendu programa, familia bitartekaritza eta kale heziketa programa izango dira indartuko direnak. Beti ere babesgabe egoeran dauden pertsonak izango ditu Udalak jomugan.
Zahartze aktibo atseginerako ekimenek, babeseko etxebizitzak, eguneko zentroa, etxez etxeko laguntza eta gizarte larrialdietarako laguntzak pisu handia izaten jarraituko dute.
Udalerria herritarren beharretara egokitu
Udalerriko azpiegiturak hobetu eta konpontzea lehentasuna da udal gobernuarentzat. Mantenu lanen garrantziaz jabetuta lorategiak, espaloiak, hiri-altzariak, argiteria, asfaltaketa kanpainak eta abar dira arlo honetako ekimenak. Era berean etengabeko hobekuntzaren bidean, herritarrek tokian tokiko kalteen berri eman ahala, eraginkortasunez konponbidea ematea da udalaren konpromisoa. Hori horrela, zerbitzu saileko aurrekontua %8,8 igoko du udal gobernuak.
Herriko gune ezberdinetan eta auzoetan hobekuntzak egiten jarraituko da. Ikastetxeetako eraikinetako lanak haur eskolan (zoru radiantea), Alkartasuna Lizeoan (irisgarritasun hobekuntzak emergentzia irteerak) eta Murumendi Eskolan (haur jolasak) burutuko dira besteak beste. Honi gehituz, Trenbide kaleko haur parkeko jolasak berritu, Ixabel Olano parkea birgaitu, Igartza udal futbol zelaiko belar aldaketa eta polikiroldegiko taberna berria egingo dira. Kalistenia gunea ere berrituko da.
Diseinatuko diren proiektuen artean berriz, Barrendain plazaren birgaitzea, Porteria eremuko urbanizazioa, San Inazio eta Esteban Lasa kaleen birgaitze egitasmoa eta Bonberia eraikina erakusketa areto bilakatzeko proposamenak landuko dira herritarren beharrei egokitutako Beasain atseginago, erosoago, irisgarriago eta finean bizigarriagoa eraikitzen jarraitzeko.
Osasun krisiaren ondorioz hasita edo hastear dauden diren hainbat lan amaituko dira epe laburrean; Oriamendi kalearen konponketa, Nafarroa etorbidea eta Oriamendiren arteko irisgarritasuna hobetzeko igogailua, edo Urbi-etxean egingo den Aranealde erretiratu elkartearen egoitza berria.
Ingurumena zaintzea eta klima aldaketaren erronka
Udalerriko natur ingurumena babestea, eranginkortasun energetikoa eta energia berriztagarrien sorkuntza izango dira udal gobernuaren beste ildo nagusia. Azken honetan, bi ekimen dira azpimarragarrienak: polikiroldegiko eguzki plaka bidezko autokontsumo instalakuntza eta gutxienez 400 familia energia elektriko jasangarriaz hornitu nahi dituen komunitate energetikoaren sustapena. Aldi berean, 2022an osatuko den Beasaingo Klima eta Energia Iraunkorraren Planak, datorren hamarkadarako esparru honetan egin beharreko esku hartze nagusien gidalerroa eskainiko dio Udalari.
Mugikortasunaren arloan, 2023-2028 bosturtekorako estrategia eratuko duen Mugirkotasun Planaren osatzea martxan jarriko da, baita mugikortasun jasangarrirako udal azpiegituren hobekuntza ere, hala nola: txirrindu eta patineteentzako aparkalekuak, hauen mantenurako postuak, garbiguneak, ibilbide egokituak, etab.
2021ean arrakastatsuak izan diren bi ekimenei jarraipena emango zaie: txakur heziketa eta sentsibilizaziorako programa (Txakur Eredugarri Programa) eta amaitu berri den ibaien garbiketa eta ekosistemen hobekuntzarako ekimena. Ingurumenarekiko sentsibilizazio eta lotura sakontze horretan, Erauskin eta Loinatz Ermita lotuko dituen natur bidea egikaritzea aurreikusten da. Baso-ekosistemak lehengoratzeko helburuz, landa lurrak erosteko egitasmoa abiatuko da zuhaitz autoktonoak landatzeko.
Haur eta gazteei zuzendutako egitasmoak
Udal gobernuak datorren urterako aurrekontuetan haur eta gazteei zuzendutako aurrekontu-partidak aurreikusi ditu. Gazteentzako etxebizitzen alokairurako dirulaguntzak bideratuko dira eta hauek ezezik mugikortasun arazoak dituzten herritarrak ere laguntza hauetaz baliatu ahal izango dira etxez aldatzeko beharra dutenean. Oraintsu egindako udalerriko haur eta gazteen diagnostikoak utzitako ondorioei kasu eginez, formazio eta sentsibilizazio saioak burutuko dira pornografia, ludopatia edo jokoarekiko adikzioa bezalako arazoei aurre egiteko. Gazteentzako begirale ikastaroa ere antolatzen jarraituko da titulazioaren bitartez lan aukera emateko herriko gazteei eta aisiaren lotuta bide batez aipatu opor garaian, eguberriak, gaboneak eta udan, ekimen ezberdinak antolatzeko baliabideak bideratuko dira.
Beasain euskaldunagoa eta parekideagoa
Sail guztietan zehar lerro gisa hedatzen diren arloak dira gobernu taldearentzat hizkuntza politika eta berdintasuna. Euskararen jakintza eta sustapena bultzatzeko ahaleginean tinko jarraituko du Udalak. Igartza Literatur Sorkuntzarako Bekak 25. edizioa beteko du. Berrikuntzak izango dira euskal liburu eta diskoaren azokan. Horretaz gain mantentzen dira Aittu Beasaingo euskara taldearekin elkarlana, Hizkuntza errefortzurako zerbitzua, edo Euskara Oinarritik Kirolean egitasmoa.
Gizarte parekideagoa eraikitzeko bidean, Beasainen erroldatzen diren herritar berrientzako Harrera protokoloa finkatuko da. Euskara oinarri hartuta, beste hizkuntzetan ongi etorria eta udalerria ezagutzera emango zaie bi-hiru hilabetez behin taldeka egingo diren saioen bitartez. Berdintasun kontseilua ere martxan jarriko da udalerriko talde edo eragileekin eta Herrilab proiektuaren ekintza planarekin jarraituko da Beasain kontziliazio erantzunkidearen eredu izateko Gipuzkoan.
Herritar jardueraren normaltasunerantz
Elkartegintza eta herritar zein eragileek herria bizirik mantentzeko egiten duten lana normaltasunera itzultzeko, tokiko kultur eta kirol elkarteekin sinatutako hitzarmenei esker diru laguntza kopuruak mantendu egingo dira. Ikuskizunak eta ekitaldiak egungo osasun egoerak eskatzen dituen neurri eta baldintzei egokituz burutuko dira horretarako espazio publikoak berreskuratuz. Pandemiaren aurreko egoerara itzuliz, Loinatz jaiak edo Ehunmilak kirol proba itzuliko dira. Kulturan, Igartza Musika Beka, Igartza Musika Programa zikloak jarraipena izango dute eta dantza tradizionalari dagokionez, dantzan.eus elkartearekin elkarlanean jarraituko da. Ballet elkarte berriaren sorrera ere hor dago.
Kirol elkarteei zuzendutako diru laguntzak mantenduko dira. Kasu batzuetan igoko dira, adibibidez Loinaz Txirrindulari Elkarteak emakumezkoen lasterketak txertatu ditu egutegian. Kiroldegian egingo diren inbertsio berriek ere jarraipena izango dute etengabeko hobekuntzan erabiltzaile onuradunek kalitatezko zerbitzua jasotzen jarrai dezaten.
Finantza egoera orekatua
Orotara, 2022 ekitaldirako aurrekontua 17.665.000 eurokoa izango dela aurreikusi da, iazkoa baino %8 gehiago. Gobernu onaren kudeaketa eredua jarraituz, eta gastuan egindako kontrol zuhurrari esker, gobernu taldeak aurreikusitako egitasmoei aurre egiteko aukera du zorpetu edo banku-kredituak eskatu beharrik gabe.
Funtsean, herritarrei begira, udalerri atsegin eta erosoagoa eraikiz, pertsonak eta hauen bizi kalitatea bermatzen jarraitzeko helburua duen aurrekontu proposamena da gobernu taldeak aurkeztutakoa. Dagoeneko udal oposizioaren esku dago aurrekontuen proposamena eta hauen ekarpenen zai, gobernu taldeak 2022 urtea aurrekontuak onartuta hastea du helburu.