Sorkuntza sustatzeko konpromisoa betez, kultura sektorean pandemiak eragindako ondorioak arintzea du helburu Udalak
Oriamendi eraberritzeko lanak esleituta urtarrilean hasiko dira
Kultura eta honen adierazpide nagusiei lotutako laguntzaren inguruko gaia aztertu du udalbatzaren osoko azken bilkuran. Mahaigainean kultur sorkuntza sustatzeko laguntzak emateko oinarriak zeuden Herritarren sailak proposatuta. Beasaingo Udalak kultur arloko hainbat esparrutan duen jarrera sustatzailea ez da berria. Horren adibide urtero hitzarmen desberdinak medio aurrera eramaten diren ekitaldiak, emanaldiak, erakusketak eta abar dira.
Kultur sorkuntzari dagokionez, Beasaingo Udaleko aurrekontuetan espreski jasotzen diren beka, sari edo bestelako laguntzak badira baina Udalaren nahia kultur sorkuntzako beste esparru batzuri laguntzak ematea da. Horregatik, 2021eko aurrekontuan sorkuntza hori sustatzeko eta Covid-19 pandemiak kultura-sektorean sortutako ondorioak arintzen laguntzeko oinarriak onartu ditu udalbatzak urriko osoko bilkuran.
Alderdi guztiek aho batez onartutako oinarrien arabera, aurkeztuko diren proiektuek euskararen presentzia bermatuz, alor hauen ingurukoak lagunduko dira: sorkuntza eszenikoa, obra bisual eta plastikoak, ikus-entzunezko lanak, musika edo soinu-konposizioak, ekintzailetza edo ikerkuntza proiektuak, haur eta nerabe literatura eta poesia. 18 urtetik gorakoak izango dira onuradunak, beasainen erroldatuak eta proiektuaren aurrekontuaren %75 finantzatuko da gehienez 3.000 eurorekin. Eskabideak abenduaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dira.
Osoko bilkuran aztertutako gai guztiak onartuak izan ziren aho batez. Tartean 2022ko taxi zerbitzuaren tarifak. Goiekiren bidez Gipuzkoako Taxisten Elkarteak egindako eskaeraren arabera indarrean daudenekiko %3,3 igoko dira.
Oriamendi kalea eta Erauskin plaza eraberritzeko lanak esleituta
Osoko bilkuraren aurretik burututako gobernu batzordean onartu zen Oriamendi kalearen eta Erauskin plazako aparkalekua eraberritzeko lanen kontratazioa onartzea.
Egoera kaxkarrean dagoen ibilgailuen erraila konponduko da Oriamendi 3-30-ean, gaur egungo zoladura altxatu eta azpian dagoen oinarria sendotuz, ondoren zabalera osoko berasfaltaketari ekiteko. Trafiko ikuspegitik, galtzadaren diseinu berantolaketa bat egingo da eremu honetan, ilara eta bateriko aparkalekuen zabalera egokituz, baita ibilgailuen erraila zabalduz ere.
Esku-hartze hau baliatuz, oinezkoen guneetan hobekuntza puntualak egingo dira segurtasun maila hobetu eta hiri paisaia aberasteko. Oriamendi-Nekolalde ardatza edota Oriamendi-Foru bidegurutzea izango dira honen adibide.
Erauskin plazan aldiz, dauden edukiontziak birkokatuko dira Urbi-etxeko beheko aldean dauden saltokiei ikusgarritasun handiagoa eta itxura hobea emateko. Aspaldi egindako eskaera da, eta hobetzeko aukera du. Era berean, Ur-Kontsorzioaren eskutik, eremu honetako ur hornidura eta saneamendu hoditeriak eraberrituko dira, baita Oriamendi 40-47 tartekoak ere, ondoren asfaltua berritzeko aprobetxatuz.
Lanak osotasunean Mariazcurrena enpresari esleitu zaizkio, lizitazio prezioa 572.609,02 (+ BEZ) eurokoa izango da eta egikaritze epea 5 hilabetekoa. Lanen hasiera Urtarrilaren 10erako aurreikusten da.