Igartza-Loinaz auzoaren hobekuntzan modu positiboan eragingo duten proiektuak izango dira
Udalbatzaren osoko bilkurak Arau subsidiarioen aldaketa onartu zuen Porteria eremua eraitsi ahal izateko
Martxoko Gobernu batzordeak onartutako proposamenen arabera, 2022rako aurreikusita dauden bi proiektu gauzatzeko lanen kontratazioa erabaki dira. Udal azpiegitura eta zerbitzuen mantenua eta hobekuntza helburu hartuta, behar hori duten espazioak atzeman eta konponbidea ematen jarraitzeko Ixabel Olano parkearen eraberritze lanak kontratatzeko prozesua irekiko da. Honela, aurtengo aurrekontuetan hartutako konpromisoa beteko du Udalak.
Laurogeigarren hamarkadan eraiki zen espazio honek zerbitzu luzea eman die herritarrei, baina urteen poderioz, bertako berdegune eta batez ere zoladuraren gabeziak agerian daude. Aurrekontuetan EHBildu udal alderdiak egindako proposamena jaso eta hausnarketa eginda, udal gobernua Ixabel Olano parkea eraberritzeko lehen pausoak ematen hasi zen joan den urtean. Udalak, proiektuaren egilearekin elkarlanean galdetegi bat prestatu zuen herritarren eta batez ere, bertako erabiltzaile eta auzotarren iritziak jaso ahal izateko. Ekarpen aberasgarriak eta egingarriak proiektuan txertatu eta horrela, Irisgarritasun baldintzak hobetzea, berdeguneak bateratzea eta parkeak Karobi kalearekin duen erlazioa birplanteatzea izan ziren ondorioztatu ziren lehentasunak.
Honela bada, udal gobernuaren proposamenari jarraiki, Gobernu batzordeak obren kontratzea burutzeko proposamena erabaki zuen EHBildu eta Alderdi sozialistaren abstentzioarekin. Obrak kontratatzeko esleipenaren arabera, lizitazio prezioa 760.662,86 eurokoa izango da (BEZik gabe) eta lanen egikaritze epea 5 hilabetekoa izango da. Lanen hasiera zehaztu ez badaiteke ere udan izatea espero da.
Kiroldegian taberna berria
Onartutako beste obraren kontratazioa Antzizar Kiroldegiak eskaintzen dituen zerbitzuak osatuko dituen azpiegitura izango da taberna-kafetegi berria. Kiroldegiko zerbitzuen kalitatearen eskaintzan eta azpiegituren eraberritzean beste urrats bat ematen da honela. Kiroldegian dauden erabiltzaileei ostalaritza zerbitzua eskaintzeaz gain, kanpora begira ere irekita egongo den espazioa izango da. Hargatik, Kiroldegira sartu beharrik gabe tabernara iritsi ahal izango dira kaletik bezeroak. Honela, Igartza-Loinaz auzoari zerbitzu ireki berri bat eskainiko zaio. Udal gobernuaren proposamenari baiezkoa eman zion Alderdi Sozialistak eta EHBildu abstenitu egin zen. Kontratazio baldintzen arabera, lizitazio prezioa 313.004,11 eurokoa izango da (BEZik gabe) eta lanen egikaritze epea bost hilabetekoa izango da.
Porteria eremuko eraikinak eraisteko aurrerapausoa
Ezkiaga auzoan Oria ibaiak eragiten duen uholdegarritasun arriskuaren arazoari irtenbidea emateko, Porteria eremuko eraikinak eraisteko aurrerapausoa eman da. Ur Agentziak Udalari helarazitako txostenean, uholdegarritasun arriskua murrizteko irtenbide bakarra ibaiaren ezkerraldean gelditzen diren eraikinen eraistea zela ondorioztatu zen. Beste hitz batzuetan, arriskua murriztea eta eraikinen mantentzea bateragarriak ez direla azpimarratu zuen erakundeak.
Egoera honen aurrean, eraikinek Foru Aldundi eta Eusko Jaurlaritzaren ondare babesik ez dutela kontutan izanda, Beasaingo Plangintzako Arau Subsidiarioetako Katalogoaren aldaketari behin betiko onespena ematea proposatu zitzaion, egun duten babesa erretiratu eta lanekin aurrera egiteko. Gobernuaren proposamena aurrera atera zen Alderdi Sozialista eta EHBilduren abstentzioarekin.