Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Udal gobernua

Behar gehien dutenen ongizatera zuzendutako aurrekontua izango du Udalak

2022/12/05

Aurrekontua 20.717.561 eurokoa izango da eta zorrik gabe ekingo zaio urteari

%21eko igoerarekin, inoiz izan den kopururik altuena bideratuko da ongizatera zerbitzu sozial indartsuak izaten jarraitzeko

Eraginkortasun energetiko, mugikortasun jasangarri eta ingurumenaren zaintzarako proiektuak bultzatzen jarraitzen du Udalak klima-aldaketari aurre egiteko

Beasaingo Udalak, 2023rako aurrekontua onartu du. EHBilduren aurkako bozkarekin (5), PSEren abstentzioarekin (2) eta EAJren gobernu taldearen aldeko bozekin (10), %13ko igoera izango duen 20.717.561 euroko aurrekontua izango du Udalak datorren urtean. Gobernu taldeak aurkeztutako proposamenaren arabera, egindako kudeaketa zuhurrari esker, beste behin zorrik gabe ekingo dio Udalak urte berriari eta aurreikusitako proiektuak gauzatzeko ahalmena dauka. 

Behar gehien duten herritarrak jomugan

Behar gehien dutenak babestu eta inor atzean ez uzteko helburuarekin, azpimarragarria den %21ko igoera izango du Ongizate arloak 2023rako. 2016an, 80 urtetik gorakoen beharrak antzemateko hasitako bide hartatik urratsak emanez jarraituz, 2023an, beharrezkoak diren baliabideak jarriko dira (pertsona baten kontratazioa) helduen eta bere familiartekoen beharrei erantzuteko. Indartu egingo dira adinekoei, mendeko pertsonak dituzten familiei, egoera berezian daudenei eta laguntza behar dutenei arreta emateko zerbitzuak. 

Etxez etxeko Laguntza, eguneko zentroa, familia-bitartekaritza edota kale-hezkuntzako programak indartzen dira, besteak beste. Udal gobernuaren eskutik 2022an nahigabeko bakardadearen erronkari aurre egiteko herritarrekin abiatu ziren lanketa tailerrek jarraipena izango dute 2023an 

Eta Alzheimerra edo antzeko gaixotasunak ahalik azkarren diagnostikatzeko, Cita Go On programak jarraipena izango du Cita Alzheimer Fundazioaren eskutik eta estimulazio kongnitiborako Exercita ariketa programa ere aurrera eramango da. Bidenabar, ongizate emozionala landu eta hobetzeko asmoz formakuntza eta prebentzio saioak antolatuko dira. Arlo honetako gastua 2.446.291,34 eurora igo da. 

Enplegua eta formakuntza

Goiekirekin elkarlanean, eskualdean, egoera ahuletan dauden pertsonen enplegagarritasuna eta kualifikazioa hobetzeko egitasmoak bere bidea egingo dute. Enplegura bideratzeko ikastaroak babestuko ditu Udalak 50.000€-rekin, non lorezaintza, elektrizitate eta ehungintza arloko ikastaro teoriko praktikoak eskainiko dira enpresa eta erakude publikoetan praktikak ahalbidetuz. Ekintzailetza ere nabarmentzekoa da eta ekintzaile berriak beraien proiektuak garatzeko, herrian kokatuta dagoen Anezka gunean behar duten tokia eskainiko zaie. 

Berrabiarazi programara zuzendutako diru lerroak mantenduko ditugu. Eta egungo egoerara egokitzen diren soluzio praktikoak landuko dira enpresa txiki eta ertainekin.

Tokiko Merkataritzan, lokal hutsak betetzeko alokairurako diru laguntzak, herrian erosketak egitera bultzatzeko sentsibilizazio kanpainak, eta azokan fidelizazio kanpainak gauzatzen jarraituko dira, besteak beste.

Mantenu eta inbertsioak

Dauden azpiegiturak egoera onean mantentzea berebiziko garrantzia du. Lorategiak txukun mantendu, argiteria LED teknologiara eguneratzen jarraitu eta espaloi berritze edo asfaltaketa lanek izango dute presentzia egunerokoan. Herriko hainbat eremu eraberritu eta birgaituko dira.  

San Inazio-Esteban Lasa ardatza birgaitzeko lanek aipamen berezia merezi dute 2023ra begira, izan ere, eraberritze bat eskatzen duen erdiguneko arteria nagusia da. Jada lanketan dagoen proiektuak espaloi eta gune publikoen zabaltze bat bilatuko du, zuhaitzak txertatuz eta oinezkoen segurtasun eta irisgarritasuna lehenetsiz.

Anbulategitik abiatuta Oria ibaia gurutzatuz, erdigunea Altamira auzoa eta Indarreko enpresa gunearekin lotuko duen Oriako Bide Berde berria egikaritzea ere espero da 2023an. Inbertsioa 220.000€ ingurukoa izatea aurreikusten da.

Ingurumenaren zaintza eta klima-aldaketari aurre egin

Beasaingo Udalak duen konpromiso arlo honetan bere  jarraipena izango du 2023an. Horrela, Autokontsumo Kolektiborako Instalakuntza bat egikarituko da Alkartasuna Lizeoko frontoiaren estalkian. Horrela, Udal eraikin desberdinen dependentzia energetikoa murriztuko da 250.000€ inguruko inbertsioari esker.

Gernikako Pasealekuan instalatuko den Ibilgailu Elektrikoen Errekarga Puntu bikoitzaz gain, udalerri mailako azterketa bat egingo da aparkaleku sarea puntu gehiagoz hornitzeko. Kale argiteriaren eraginkortasunari dagokionez, argiteria LED teknologiara eguneratzen jarraitzeko lizitazio bat egingo da. Bestalde, 600.000€-ko ekarpena egingo du Udalak Porteria eremuan uholdegarritasun arriskua gutxitzeko lanak kofinantziatzeko, Ur Agentziarekin duen hitzarmenaren baitan. Orokorrean, inbertsioen atalari dagokionez, 4.300.000 euroko kopurua aurre ikusten da.

Haurrak eta gazteria

Haur eta gazteei zuzendutako ekimenen artean, herriko gazteekin loturak sortu eta bidenabar, gazteei zuzendutako ekimenak antolatzeko parte hartze prozesu bat martxan jarriko du. Asmoa, gazteekin elkarlanean Udaleko gazteria programa eraiki eta erronkak zeintzuk diren identifikatzea da. Gazteentzako begirale ikastaroa ere antolatzen jarraituko da eta horrezaz gain, kirol, kultur eta ongizate eskaintza zabala izango dute, herriko elkarte eta bolondresen lanari esker. Ondorioz, ez zaie diru laguntzarik murriztu elkarte eta eragile herritarrei.

Nortasuna eta berdintasuna

Euskararen erabileran aurrerapausoak ematea lehentasuna izanik, helburu horretara zuzendutako baliabideak jarriko dira euskararen alde: euskaraz ikasteko dirulaguntzak, euskarazko udalekuak edota Hizkuntza errefortzurako zerbitzuak. Horretaz gain euskararen sustapenean, Aittu Beasaingo euskara taldearekin elkarlanean jarraituko da. 

Pertsona ororen duintasuna abiapuntu, emakume eta gizonen berdintasunean aurrera pausoak ematen jarraitzeko bitartekoak jarriko dira herriko emakume eta talde feministekin hainbat proiektuei jarraipena emanez. Beasaingo II. Berdintasun Plana eta honi dagokion ekintza plana lantzen jarraituko da, eta Beasaingo Berdintasun kontseilua egonkortu eta dinamizatuz jarraituko da.

Eguneko zentroa eta etxez etxeko laguntza zerbitzuen esleipena

Osoko bilkuraren gai zerrendan onartutako proposamen garrantzitsuenetakoa eguneko zentroa eta etxez etxeko zerbitzua eskaintzeko kontratazioa izan zen. Proposamenaren arabera, Loinatz eguneko zentroko erabilera eta kudeaketa eta udalerrian etxez etxeko laguntza zerbitzuak Goxara S.L.U. enpresari esleitzea onartu zen EHBilduren abstentzioarekin (5) eta PSE (2) eta EAJ (10) alderdien aldeko bozekin. Funtsezko zerbitzua da eta behin langileen baldintzak eguneratu eta hobetu direnez urteko prezioa 859.081, 05 euroko izango da. Zerbitzuetan eskainiko dira hainbat hobekuntza erabiltzaileei zuzenduak eta egikaritze epea 3 urtekoa izango da, urtez urteko bi luzapeneko aukerarekin. 

Azaroari zegokion osoko bilkuran onartutako beste proposamen batzuk hauek izan ziren: 2022ko ordainsarien igoera, zaborra bildu eta ezabatzeko tasa arauen aldaketa, plantilla eta lanpostuen zerrenda 2023an, udaltzaingoaren araudiari hasierako onespena, Foru Aldundiarekin hitzarmena, Antzizar kiroldegiko kudeaketa zerbitzua kontratatzeko baldintza pleguak, XXXIII. Beasain idazlehiaketaren oinarriak eta deialdia, eta argiteria publikoa eta instalazioak zaindu eta mantentzeko zerbitzua kontratatzeko baldintza pleguak. 

Osoko bilkuren eta gobernu batzorde guztien aktak eta gai-zerrendak, Beasaingo Udalaren web orrian argitaratzen dira aktak-gaien zerrenda atalean.