Andra Mari eta San Inazio kaleen bidegurutzean eta Nafarroa etorbidea eta Mendeurren kaleak bat egiten duten tokian jarri dira
Bi panel berri hauekin 19 dira orotara udalerrian zehar sakabanaturik daudenak eta oinezkoentzako leku estrategikoetan jarri dira
Udalak iragarkiak jartzeko euskarrien kopurua handituz jarraitzen du. Iaz bi txandatan guztira 17 panel itsu kokatu zituen eta aste honetan beste bi gehiago jarri ditu. Guztira 19 panel dira herritar, eragile zein elkarteek eskura izango dituztenak paperean egiten dituzten iragarkiak eta kartelak erantsi ahal izateko.
Helburu nagusia bikoitza da. Paretetan edonola eta edonon kokatzen ziren paperak euskarri egoki eta bateratuan jartzea herritarren pasabide nagusi diren leku estrategikoetan eta beste alde batetik garbitasun aldetik paretak eta kaleak garbi mantentzea hein handi batean.
Kokatu diren bi panel berriak aurretik kokatutakoen ezaugarri berberak dituzte. Jendea gehien bildu edo pasatzen den beste bi leku dira; San Inazio eta Andra Mari kaleak bat egiten duten lekuan eta Nafarroa etorbidea eta Mendeurren kalearen bidegurutzean.
Panelak erabiltzeko arauak berdinak izaten jarraituko dute, Elkarte zein herritarren oharrak eta iragarpenak jartzeko eremua izango da eta bakarrik horretarako erabiliko dira. Panel hauetatik kanpo inguruan jartzen diren kartelak kendu egingo dira. Iragarpenak hamar egunez jarrita egon ahal izango dira eta orain arte bezala astelehen eta ostegunetan kenduko dira iragarki eta kartel berriei lekua uzteko bide batez erabilera egokia bermatzeko.