Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

Igartzako Monumentu Multzoko aldaparoa berrituta

2019/05/23

Zaborrak eta ur zikinak itxuraldatua zeukaten eremua garbitu eta hobekuntza lanak burutu ditu Udalak

Ura ponpatzeko makina berria jarrita uraren mugimenduak bizitasuna emateaz gain algen sorrera eragotziko du eta ingurua lorez apaindu da. Errotaren ondoko aldaparoaren zatirik sakonena itxitura batekin babestuko da

Igartzako Monumentu Multzoaren beste eremu bat berritu egin du Udalak. Honela bere balioa indarrean jartzeko helburuarekin ur-kanala eta aldaparoan hainbat berritze lanak burutu dira. Zikin egotetik garbi eta ikusgarri bihurtu da honela eremu hau eta ur korronte sortuta aldaparoaren inguruari bizitasuna eman zaio.

Honela bada, urez hustu eta aldaparoaren hondoan zeuden zaborrak garbitu ostean ur-ponpagailu bat jarri da. Makinarekin, ura mugimenduan jarri da, aldaparoaren toki sakonenetik hartu eta ur-kanalaren muturretik isurita korrontea sortu da kanalean. Bizitasuna eta mugimendua eragiteaz gain pareta eta hondoan algak sortzea eragotziko da.   

Ubidearen inguruan ere beste lan batzuk burutu dira. Albo bateko petrilean hainbat lorontzi jarri dira korten altzairuarekin. Ur kanala edertu eta atontzeaz gain zikinak ez botatzeko eremua babestu ere egingo du. Hurrengo lana, ur-kanalaren zubitik aurrera errotaren alboan, lorontzi eta beirazko baranda jartzea izango da. Itxitura honek, aldaparoak sakontasun gehien duen zatira sartzen ez uzteko funtzioa beteko du arriskua saihesteko. Beste eginkizunen artean, aldaparoaren inguruan Igartzako Monumentuari buruzko informazioa adierazten duten panelak ere berrituko dira.

Ur-kanala eta aldaparoaren garbiketa lanetan errotako antepara trabatzen zuten harri eta zabor asko atera dira. Ondorioz eta txukuntze eta berritze lanen ondotik, dagoena zaindu eta errespetuz gordea izan dadin jokaera ona izatea eskatzen du Udalak.

Aitzinean, ubidea eta aldaparoa Igartzako errota eta burdinolaren funtzionamendurako indarra ematen zuen ura presatik garraiatzeko bidea zen.

Akupuntura urbanoaren beste adibide bat

Aldaparoa berritzeko lanak, Akupuntura urbanoaren filosofiari jarraituz egin dira. Asmo nagusia, toki edo eremu degradatuak, erabilera urrikoak berreskuratu eta biziberritzea du helburu. Honela, espazioen aprobetxamendua handitu eta herri, atsegin, eroso eta irisgarriagoa eraikitzeko.