Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

Usurbe antzokiko erakusketa aretora iristeko igogailua birgaitua

2019/07/29

Usurbe antzokia birgaitzeko lanak erritmo onean jarraitzen dute eta dagoeneko erakusketa aretora jaisteko igogailua egokituta dago

Usurbe antzokia birgaitzeko lanen lehen mugarria ezarri da. Orain arte ez bezala irisgarritasun mugak hautsiz, egokitu da jada erakusketa gelara jaitsi ahal izateko igogailua. Orain artean zamak garraiatzeko bakarrik erabili ziteken igogailua orain pertsonentzat egokitu da eta erabilgarri dago.

Usurbe antzokiaren birgaitzeko lanen helburuetako bat bete da honela. Bere egunean jakinarazi zen bezala, erabiltzaileen segurtasuna, irisgarritasuna, ikusgaitasuna eta erosotasuna bermatzea dira Usurbe antzokia birgaitzeko lanen helburu eta lehentasun nagusia udalarentzat.

Erakusketa gelarako irisgarritasuna behin bermatuta hurrengo lanak antzokian burutzen ari dira. Honela bada, besaulkien toki aldaketa burutuko da, egun erabilgarri ez zeudenak kendu eta beste batzuk aldatuz. Erdiko pasilloa desagertuko da eta alde banatan jarriko dira bi. Erdiko besaulki-patioan batuko dira eserleku guztiak ikusgaitasuna hobetzeko. Palkoetan azkeneko ilara kenduko da eta hutsuneak uniformizatuko dira. Emergentziazko irteerak hobetuko dira eta oro har egungo plaza kopurua mantendu egingo da.

Obrak ekainean hasi ziren eta hiru hilabeteko iraupena izango dute. Irailaren amaierarako bukatuta egotea espero da. Iparragirre Eraikuntza Lanak enpresa ari da lanak burutzen.