Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

Pump track pista berria eraikitzeko lanak hasi dira Igartzan

2019/09/06

1.300 metro koadroko eremua hartzen du eta 1.000 metroko luzera izango du pistak, ezaugarri hauek dituen Gipuzkoako lehena izango da

Azpiegitura berri honek Igartzako kirol eremua berritu eta osatuko du eta honen erabilera areagotu

Beasaingo Udalak erabilera gutxi duten eremuak indartzen jarraitzeko lanean etengabe jarraitzen du, akupuntura urbanoaren filosofiari eutsiz. Maiatzean udalbatza osoak onartutako esleipenaren harira, hasi dira Igartzako kirol eremuan skate parkea zena berritzeko lanak. Eraikiko den Pumptrack pista berriak, Igartzako kirol eremua berritu eta osatuko du. Orain arteko erabilera eskasa ikusita, hauxe indartzeko helburua du Udalak eta erreferentziazko toki bihurtu nahi da gurpilen gainean ibiltzen diren gailuentzat.

Berritze lanek, oraingo skate pistak kentzen hastean hauen egoera kaxkarraz jabetzeko ere balio izan dute. Behin zaharra erretiratuta, hil honen bukaeran hasiko dira pista berriak eraikitzeko lanak. Pumptrack eremu berri honetan, adin mugarik ez da egongo erabiltzaileentzat eta bi pista ezberdin egingo dira, bata motza haurrentzat eta bestea luzeagoa gazte eta helduentzat.

Pumptrack eremuaren ezaugarriak

Halako pista batean bizikleta, skate edo irristatzen den edozein gailurekin ibil daiteke. Bihurguneak, maldak eta trabak daude pistan eta gidariek halakoak gainditu beharko dituzte. Pumptrack pistan bizikleta, skate edo irristatzen den edozein gailurekin oztopoak gaindituz ibili daiteke. Erabilerari dagokionez, Kaskoa eta babesak eramatea beharrezkoa izango da eta haurrak helduek lagunduta ibili beharko dira. Motorra duten gailuak debekatuak egongo dira, baita bertan oinez ibiltzea, animaliak sartzea edo kontrako norabidean ibiltzea.

Lanak egiten ari den enpresa Pumptrack Park S.L.U.  da eta aurrekontua 97.936,92 eurokoa izango da. Prezioaren barruan proiektua eta lanen egikaritzea daude. Lanek, eguraldia lagun, 3 asteko iraupena izatea espero da.