Bertara harririk ez botatzea eta bainua debekatua dagoela gogorarazi nahi da
Berrikuntza lan guztiak amaitu zirenetik Igartzako Monumentu Multzoaren ur-kanalak eta aldaparoak beste itxura bat agertzen dute. Zaborrak eta ur zikinak itxuraldatua zeukaten eremua garbitu eta hobekuntza lanak amaitu ditu Udalak errota ondoan dagoen zatirik sakonena itxiturarekin babestu eta kartel berriak jarrita.
Ur-kanala eta aldaparoaren garbiketa lanetan errotako antepara trabatzen zuten harri eta zabor asko atera ziren. Ondorioz eta txukuntze eta berritze lanen ondotik, dagoena zaindu eta errespetuz gordea izan dadin jokaera ona izatea eskatzen du Udalak
Harririk ez botatzeko oharra eta bainurako debekua adierazita dauden arren, badira oraindik ere arau hauek hausten dituztenak. Horretaz jabeturik, Udalak behin eta berriz ohartarazi nahi du arren horrelakorik ez egiteko. Aldaparoa eta bertako ura txukun eta garbi mantendu nahi badira bertara harririk ez botatzea eskatzen da. Bainuari dagokionez, arriskutsua gerta liteke bainatzea bertan aurkitzen bait da ura xurgatu eta ponpatzen duen makina.
Burututako berrikuntza lanak
Bere balioa indarrean jartzeko helburuarekin zikin egotetik garbi eta ikusgarri bihurtu da eremu hau eta ur korrontea sortuta aldaparoaren inguruari bizitasuna eman zaio.
Urez hustu eta aldaparoaren hondoan zeuden zaborrak garbitu ostean ur-ponpagailu bat jarri zein aldaparoaren toki sakonenetik ura hartu eta kanalaren muturretik isurita korrontea sortzeko kanalean. Bizitasuna eta mugimendua eragiteaz gain pareta eta hondoan algak sortzea eragozten da.
Ubidearen inguruan ere beste lan batzuk burutu dira. Albo bateko petrilean hainbat lorontzi jarri dira korten altzairuarekin. Ur kanala edertu eta atontzeaz gain zikinak ez botatzeko eremua babestu da. Ur-kanalaren zubitik aurrera errotaren alboan, lorontzi eta baranda jarri dira. Itxitura honek, aldaparoak sakontasun gehien duen zatira sartzen ez uzteko funtzioa bete nahi du arriskua saihesteko. Beste eginkizunen artean, aldaparoaren inguruan Igartzako Monumentuari buruzko informazioa adierazten duten panelak ere berritu dira. Inguru hau errespetuz zaintzeko deia luzatzen du Udalak.
Aitzinean, ubidea eta aldaparoa Igartzako errota eta burdinolaren funtzionamendurako indarra ematen zuen ura presatik garraiatzeko bidea zen.
Akupuntura urbanoaren beste adibide bat
Aldaparoa berritzeko lanak, Akupuntura urbanoaren filosofiari jarraituz egin dira. Asmo nagusia, toki edo eremu degradatuak, erabilera urrikoak berreskuratu eta biziberritzea du helburu. Honela, espazioen aprobetxamendua handitu eta herri, atsegin, eroso eta irisgarriagoa eraikitzen jarraitzeko.