Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

Arangoitiko geotermia martxan jarri izanak aurrezpen ekonomikoa ekarri du

2020/07/06

Energiaren kostuan aurrezpenak agerian dira adinekoen egoitzan, zerbitzua jasotzen duten egoiliarren kopurua urtez urte igo den arren

Geotermia sistema Arangoitiko gune berriaren proiektuan 2012an ezarri bazen ere, egungo udal gobernuak 2016an jarri zuen martxan energia gastua aurreztea helburu hartuta 

Arangoiti adinekoen egoitzako geotermia instalakuntza martxan jarri izanak aurrezpen ekonomikoa ekarri du horretarako beharrezkoak izan ziren egokitze lanak egin eta gero duela lau urte. Harrez geroztik, eta gailuen optimizazioaren ondorioz, aurrezpena agerian da energiaren kontsumoaren gastuan. Udal gobernuak, bere kudeaketaren oinarrian ezarrita dauzkan ardatz eta helburu nagusien baitan, herritarren ongizatea eta zerbitzu eraginkorra eskaintzeko helburuei jarraituz burututako lanaren emaitza izan da.  

Jasotako datuen arabera, geotermia sistema martxan jarri zenetik gas kontsumoa jaitsi da. Instalazioa egokiro ari da lanean eta eraikinak bere mantenu beharrak asetzeko ur- beroa hemendik jasotzen du. Kontutan hartu behar da azken urteetan egoiliarren kopurua igo den heinean egoitzaren mantenu beharrak ere handitu direla. Hala ere aurrezpen ekonomikoa eman da. 

Eraginkortasuna eta aprobetxamendua

Arangoiti adinekoen egoitzako eraikin berriaren lanak 2012an amaitu ziren. Hauekin batera, ura berotzeko instalakuntza geotermikoa jarri zen, energia lortzeko ohiko sistemekin alderatuz, energia geotermikoak aurrezpen ekonomiko garrantzitsua lortzea ahalbidetzen zuelako, baina martxan jarri gabe egon zen arik eta egungo udal gobernuak arazoari irtenbidea eman zion arte.

Hori dela eta, Udal gobernuaren lehentasuna izan zen aurreko legealdiaren hasieran gai honi konponbidea ematea. Geotermia sistema azken puntuan prest jartzeko lanak 2016ko abuztuan bukatu ziren. Inbertsio handiko azpiegitura hau martxan jartzea lortu zuen Udalak, energia gastua aurreztea helburu hartuta. Lurrazalean, 120-150 metrora dagoen beroa aprobetxatzeari deritzaio ‘geotermia’ eta Arangoitin 17 zulaketa egin ziren 120 bat metrora. Lurraren barneko tenperatura aprobetxatuz ura berotzea da helburua egoitzaren beharrak asetzeko. Hain zuzen ere, berogailu sistemarako eta garbiketa zein osasun beharretarako erabiltzen dena.

Ura berotzeko sistema honek gas kontsumoa murriztea ekarri du. Dena den Arangoiti egoitzaren mantenurako beharrak egoiliar kopuruaren handitzearekin igo dira. Horrek ekarri du energia elektrikoaren kontsumoa ere igotzea.

Etengabeko hobekuntzekin jarraituz

Instalazio geotermikoak, eraikineko kontsumo elektriko osoaren %18a suposatzen du bakarrik. Aipatutako egoiliarren kopuruaren hazkundea dela eta energia elektrikoaren kontsumoari begira hainbat hobekuntza burutzeko lanean jarraitzen du Udalak. Hori horrela, eta energia elektrikoak sortzen duen gastuari aurre egiteko eguzkiaren energia aprobetxatu ahal izateko plaka fotovoltaikoak jartzeko azterlana eskatu du, bai Arangoitin eta baita beste udal eraikin batzuetan. Honetaz gain, Geotermia sistema hobetzeko berrikuntzak ere aztergai daude.