Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

Kiroldegiko autokontsumorako plaka fotovoltaikoen instalazioa martxan

2022/11/03

Klima aldaketaren aurkako erronkan, instalakuntza berriztagarri honek eraikinaren elektrizitate kontsumoaren %31 sortuko du

Instalazio fotovoltaikoak 311.823 euroko inbertsioa suposatu du eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) %80 diruz lagundu du 

Udal gobernuak, ingurumenaren babesa bultzatu eta klima aldaketari aurre egiteko aurreikusitako neurriak gauzatuz jarraitzen du. Honela, aurtengo udal aurrekontu orokorrean aurreikusi bezala, Beasaingo udal kiroldegiko energia beharrei aurre egiteko eta udalerriko jasangarritasun energetikoan aurrera pausoak emateko, Antzizar kiroldegiko teilatuan autokontsumorako instalazio fotovoltaikoa eraikitzeko lanak amaitu ditu. Proiektua 2021an garatu zen Eraikin Publikoen Auditoritzatik eratorria da, non lehenetsi beharreko esku-hartze bezala kiroldegiko autokontsumo instalakuntza hau azpimarratu zen. 

Horretaz gain, Beasaingo Udalak 2030 urtera begira Euskadik dituen helburu energetikoak bere egiten ditu, beharrezkoak izango diren inbertsio eta proiektu estrategikoak aurrera eramanez. Helburu hauekin bat, hamarkada honen amaierarako erakunde publikoek beraien kontsumoa %35ean murriztu beharko dute eta kontsumitzen den energiaren %32a iturri berriztagarrietatik jaso beharko dute. 

Azpiegitura fotovoltaikoaren aurkezpenean, Leire Artola Beasaingo alkatea, Iñigo Ansola EEEko (Euskal Energiaren Erakundea) zuzendari nagusia, Koldo Garcia Goinener taldeko proiektuaren arduraduna eta Erika Martinez Goienerreko lehendakaria izan dira.  

Proiektu honekin, autokontsumorako 300kW-ko potentziadun eguzki plaka fotovoltaikoen instalazioa burutu da. Plaka fotovoltaikoek jasoko duten eguzki-energiaren bitartez, eraikinak kontsumitzen duen energiaren %31,1 lortuko da. Aldi berean, urteko 131.645,37 kg CO2ren isurketa saihestuko da atmosferara, edo beste modu batera adierazita, urtean 14.627 zuhaitzek xurgatzen duten CO2 kantitatea isurtzea ekidingo da. Instalakuntzaren aurreikusitako bizi iraupena 25 urtekoa izanda, guztira 3.290.000 CO2 Kg atmosferara isurtzea saihestuko da epealdi horretan.

Antzizar kiroldegian eraikitako azpiegiturari esker lortuko den energiaren dimentsio mailaz jabetzeko, jakin Beasaingo eraikin publiko guztiek kontsumitzen duten argi indarraren %21a sortuko dela. Udal eraikinez gain kale argiteria gehitzen badiogu, argi-indar guztiaren %13a sortuko da.

Planta fotovoltaikoaren instalazioaren inbertsioa 311.823 eurokoa izan da. Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) %80 diruz pdf lagundu (371 KB) du eta gainontzekoa Beasaingo Udalak jarri du.  Oraingo elektrizitate eta energia kostuen arabera, sei urtetan inbertsioa amortizatuta egongo da. 

IMG 0469