Berriengatik ordezkatu diren markesina berriak Oriamendi kaleko 37 zenbakian eta Igartza futbol zelaiko aparkalekuan jarri dira. Zaldizurreta eta San Inazio kaleko autobus geltokietan egingo dira hurrengo hobekuntzak
Udalerriko hainbat markesinetan hobekuntzak egin behar direnez, horietako bi berritzeko lanak amaitu berri dira. Zehazki, Oriamendi kaleko 27. zenbakian eta Igartza futbol zelaiko aparkalekuan daudenak ordeztu dira. Bietan egindako esku-hartzea ezberdina izan da.
Hobekuntzak erosotasunean eta irisgarritasunean
Oriamendi kalean markesina berria jartzerakoan bere kokapena aldatu egin da. Atzerago jarri da berria, hain zuzen ere atzeko lorategiari kendu zaion zatian kokatu da. Horrela, espaloiari zabalera gehiago eman zaio, erosotasunaren alde bertatik igarotzen diren oinezkoentzako pasabidea hobetuz eta irisgarritasun legeak ezartzen dituen gutxieneko bi metroak bermatuz, lehen ez bezala. Igartza futbol zelaiko aparkalekuko markesinari dagokionez, zaharraren ordez berria jarri da, ez da urbanizazio-lanik egin. Lanen kostua 15.000 eurokoa (+ BEZ) izan da.
Markesinen zaintza eta mantenua Udalari dagokio. Udalerrian beste markesina batzuk ordezkatzeko beharra identifikatuta dago. Autobus-geltoki desberdinetakoak berritzea aurreikusten da. Udalaren asmoa pixkanaka aldatzen joatea da.
Zaldizurreta eta San Inaziokoak ondoren
Ordezkatu berri diren markesina hauen ondoren, autobus garraio publikoari zerbitzu ematen dioten beste bi geltokietan hobekuntzak egingo dira. Lehena, Zaldizurreta kaleko autobus markesinan izango da. Espaloiaren zabalera kontutan izanda “erdi-eserita” edo “semi-sentado” erako eserlekua instalatuko da, Joan Iturralde kalekoan dagoenaren antzerakoa. Garraio publikoaren erabiltzaileen erosotasunaren alde hautatu den aukera egokiena egin da.
Hurrengo markesina hobekuntza San Inazio - Esteban Lasa ardatzaren birgaitze proiektuaren barnean egingo da. Egun San Inazioko autobus geltokiak ez du ez markesina ez eserlekurik. Gabezia hauek kontutan edukita, proiektuak geltokiaren birkokapen bat proposatuko du kale berean. Eserlekudun markesina bat instalatzeko baldintzak ematen diren lekuan.
Etengabeko hobekuntza
Ingurumena zaindu eta klima aldaketaren erronkari aurre egiteko, ezinbestekoa da egunerokoan ditugun mugikortasun ohiturak ahalik eta jasangarrienak izatea. Helburu honekin, erakunde publikoen ardura nagusietako bat, erosoa, irisgarria eta zerbitzu egoki bat eskaintzen duen garraio publikoa indartzea da. Zentzu honetan, Udalak bere eskumenen menpe dauden betebeharrai aurre egiten die autobus geltokiek kalitate maila altuenak izan ditzaten. Izan ere, Udal azpiegituren mantenuan eta etengabeko hobekuntzan arreta jartzea da udal gobernuaren jardueraren ardatzetako bat.