Lur-azpiko saneamendu hoditeria ordezkatu da eta bide-segurtasun eta oinezkoen irisgarritasun baldintzak hobetu dira plataforma bakarreko asfaltaketarekin
Ixabel Olano parkea eraberritzeko obrarekin lotutako lanak izan dira Karobi kalean egindakoak. Parkearen berrikuntza amaitzear dagoen arren, Karobi kaleko lanak amaitu direnez trafikoari ireki da bertako bizilagunak eta biltegi eta garajeetako erabiltzaileak normaltasun osoz sartu daitezen.
Ingurumenarentzat hobekuntza
Bi hilabete inguru iraun duen esku-hartzea Oria ibaira egiten ziren zuzeneko isurketak ekiditeko baliatu da, saneamendu sistema bikoitza ezarriz. Honi esker, euri-urak eta ur zikinak jasotze eta tratamendu desberdindak jasoko dituzte. Horrela, ur zikinak kolektoreruntz bideratuko dira eta ez zuzenean Oria ibaira, Legorretako araztegian tratamendu egokia jaso dezaten.
Plataforma bakarra eta bide segurtasuna
Behin ur eta zerbitzuen hoditeria lanak amaituta, asfalto inprimatu erako akaberarekin errematatu da Karobi kale guztia, espaloiak eta errepidea maila berdinean jarriz oinezkoen irisgarritasun baldintzak hobetzeko. Gainera, akabera honek sortzen duen erliebeari esker ibilgailuen abiadura mugatuko da eta ezingo dute 20 km/orduko abiadura gainditu.
Beasaingo Udalak, herritarren beharrei erantzunez, udalerri txukun, eroso, irisgarri eta egokitu bat izateko helburuaren baitan burututako lana izan da hau. Auzo honi dagokionez, Ixabel Olano parkearen eraberritze lanak herritarrekin burututako parte hartze prozesuan jasotako ekarpenekin egindako proiektua da gauzatzen ari dena.