Planak egiten dituen proposamen desberdinen informazioa partekatuko da martxoaren 7an, 18:00etan, Udaletxeko Batzar Aretoan egingo den saioan
Tailerraren helburua, esku-hartze proposamenak ekarpen berrien bitartez osatzea izango da, 2023-2028 indarraldirako behin-betiko dokumentua prest uzteko
Beasaingo Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren (HMJP) idazketa iritsi da bere azken fasera. Mugikortasunaren arloan parte hartzeko eta erabakiak hartzeko eratutako prozesu tekniko eta sozial hau, esku-hartze proposamenen atalera iritsi da.
2022ko urtarrilean planaren erredakzioa martxan jarri ondoren, uztailean diagnosi fasea burutu zen Beasain sakonki aztertu ondoren. Besteak beste, trafikoaren neurketa, aparkaleku plazen kontaketa, bidegurutzeen kategorizazioa, oinezkoen pasabideetako egoeraren azterketa, garraio publikoko geltokien inbentario eta balorazioa, eta bizikleten aparkaleku eta ibilbideen inbentarioa aurrera eraman ziren.
Azken hilabeteetako lanaren ondotik, dokumentuaren egileek udalerriak dituen gabeziak osatzeko esku-hartze proposamen bat landu dute, hain zuzen ere herritarrekin partekatu nahi den tailerrean azalduko dena. Saio honen helburua proposamenen zirriborroa azaldu eta eztabaidatzea izango da herritar eta eragile desberdinek izan ditzaketen proposamenak aztertu eta hala badagokio, behin-betiko dokumentuan txertatuak izan daitezen.
Lanketa tailerra eta behin-betiko esku-hartze proposamenak
Burutzear dagoen fase honetan, etorkizuneko agertokiak ezagututa, helburuetara iristeko esku-hartzeak, eragile eta herritarrekin kontrastatuko da. Horrela, hasierako eskakizunak eta helburuak bete diren jakin eta behin-betiko dokumentua osatuko da.
Tailerra datorren asteartean martxoak 7 ospatuko da Udaletxeko batzar aretoan arratsaldeko 18:00etan.
Planaren jarraipena
Behin dokumentua osatzen denean, etorkizuneko estrategiak zehaztu eta planifikatzeko gida baliagarri izango da Udalarentzat 2023-2028 epealdirako. Zentzu honetan, jarraipen eta ebaluazio bat egingo zaio dokumentuari, garraio eraginkorragoak, irisgarritasuna, osasun baldintzak, segurtasuna eta mugikortasun eredu jasangarriagoak bultzatzen jarraitzen dela ziurtatzeko.
Oinez, bizikletaz, eta garraio publikoan, gizarte kohesioa eta ingurumenaren babes eta defentsan oinarrituz, udalerrian bizi, lan egin edo edonolako aktibitatea garatzen dutenen bizi kalitate hobea bermatzea izango du azken xedea Mugikortasun Planak.