Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Mugikortasuna eta trafikoa

Udalerriko barne eta kanpo desplazamenduak modu jasangarriagoan egiteko lanketa herritarrekin

2024/06/13

Oinezko mugikortasun aktiboa sustatzea helburu duen Oinezko Metroa ekimenarekin, adin ezberdinetako herritarrekin kosorkuntza tailer bat egingo da ostiralean Igartzako jauregian

Alokairu bidez bizikletak, patineteak edota auto partekatuen zerbitzuak eskaintzeko egokitasuna aztertuko da inkesta bidez

Mugikortasun arloan udalerri jasangarriago bat eraikitzeko estrategiari jarraipena emanez, herri barruko eta kanpoko desplazamenduak modu jasangarriagoan egiteko bi ekimen berrien inguruan lanketan ari da Udala: Oinezko Metroa eta Mugikortasun Multimodalerako Zerbitzua.

Jatorrian Beasaingo Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana (HMJP) erreferentzia izanda, azkeneko hilabeteetan hainbat eskuhartze eta neurri gauzatu ditu udalak Beasaingo barne desplazamenduak modu jasangarriagoan eta osasuntsuagoan egin daitezen errazteko eta sustatzeko: bizikleta aparkaleku gehigarrien instalazioa, TAO ordenantza berria edota San Inazio - Esteban Lasa kaleen birgaitzea. 

Kanpo desplazamenduei dagokionez aldiz, autoa partekatzeko ParteCar app-a da esanguratsuena, dirua eta denbora aurrezteaz gain, orain arte eguratsera 35.500kg CO2 isurtzea ekidin duena. Honi lotuta, datozen egunetan eta herritarren partehartzearekin, aipaturiko bi ekimen berri hauek jarriko dira abian. 

Beasaingo Oinezko Metroa osatzeko tailerra

Ekimen honen helburua, herritarrei udalerriko toki esanguratsuenen arteko distantzia eta denborei buruzko informazioa emango dien tresna sortzea da. Oinezko Metroa, metro-planoen diseinua imitatuz sortutako mapa edo irudi eskematiko bat da, non udalerriko puntu garrantzitsuenen arteko distantzia eta oinez egiteko behar den denbora adierazten den. 

Horrela herritarrak mugikortasun aktibora bultzatu nahi ditu oinez ibiliz, beste garraio motak saihestuz eta norberaren osasuna hobetuz. 

Ekimen mota hau estatu mailan 2011n ezarri zen lehen aldiz Pontevedran, hiriko puntu batetik bestera oinez joateko behar den denbora desmitifikatzeko eta garraiobide gisa oinez ibiltzeko joera sustatzeko. Gaur egun, Europa osoko hainbat hirik ere martxan jarri dute.

Proiektu honek bizimodu aktiboagoa, osasuntsuagoa eta jasangarriagoa sustatzea du helburu nagusi. Horretarako, beasaindarrentzat nabarmenenak diren puntu eta ibilbideak identifikatu nahi dira ostiralean Igartzako jauregian egingo den kosorkuntza tailerrean. Bertan, DBHko ikasleak eta hirugarren adineko pertsonak hartuko dute parte, osagarriak diren iritziekin belaunaldi arteko ikuspegi bateratu bat marrazteko. Dinamika hau Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko adituek eramango dute aurrera, gertutasuneko hirien plangintzan erreferente den ikerkuntza talde baten eskutik.

Mugikortasun multimodalerako zerbitzuak aztergai

Sarritan, garraio sare publikoak ez ditu erabiltzaileen beharrak guztiz asetzen, besteak beste, abiapuntutik helmugara iristeko behar besteko loturak ez daudelako edota denborak luzeegiak direlako. Gabezi hauen ondorioz, auto pribatuaren erabilera altuegia izaten jarraitzen du gure udalerrian, bereziki kanpo desplazamenduetarako; bai Beasaindik abiatuta edo Beasainera etortzeko.

Hori da, hain zuzen ere, mugikortasun multimodaleko zerbitzuen xedea: pertsonen joan-etorriak errazteko hainbat garraiobide eskaini eta integratzea. Horrela, erabiltzaileek desplazamenduetarako aukera desberdinak konbina ditzakete beraien helmugara modu eraginkorrean iristeko: oinez, bizikletaz, autoaren bitartez, garraio publikoa erabiliz edota ibilgailu partekatuen bidez.

Zerbitzu partekatu hauek Beasainen instalatzearen egokitasuna aztertzeko, datozen egunetan aurrez-aurreko kale-inkesta egingo da eta baita internet bidez esteka honen bidez. Herritarren iritzia jasotzea da helburua beasaindarron beharrak eta zerbitzu berriak erabiltzearen prestutasuna ezagutzeko. Halaber, Beasaingo enpresa nagusiekin bilerak egingo ditu Udalak langileen desplazamendu beharrak ere ezagutzeko.

mugikortasuna