Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Mugikortasuna eta trafikoa

Adinekoei zuzendutako segurtasuna hobetzeko ekimena

2024/09/24

“Arriskua gutxien espero duzunean dago. 100 aldiz begiratu” ekimenak, bide segurtasunarekin lotutako ezbeharrak prebenitzeko sentsibilizazio jarduerak egingo ditu Beasainen

65 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago eta irailaren 25 burutuko da. Parte hartzeko Urbiberri egoitzan eman beharko da izena

Ekimen hau mugikortasun aktiboa sustatzea helburu duen udal estrategian txertatzen da

Adineko pertsonei zuzendutako eta bide segurtasunarekin lotutako ezbeharrak prebenitzea helburu duen sentsibilizazio programa hau Beasainera iritsi da. “Arriskua gutxien espero duzunean dago. 100 aldiz begiratu” Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak iaz abian jarritako ekimena da eta adineko pertsonei zuzenduta dago. Irailaren 25ean Beasainen antolatu den egitarauaren barruan hainbat ekintza kalean eta Urbiberri gizarte egoitzan egingo dira.

Ekimen honek adinekoen autonomiari garrantzia ematen dio, bizitza aktiboa, osasuntsua eta segurua izaten jarrai dezaten eta mugikortasun aktiboa sustatzea helburu duen udal estrategian txertatzen da. Izan ere, Euskadin bizi-itxaropena gero eta handiagoa eta bizi-kalitatea ere gero eta hobea izateak ekarri du zahartze-prozesua gero eta aktiboagoa eta osasuntsuagoa izatea, eta hori gure kale eta errepideetan nabari da. 

Egunero daukagu trafikoarekin elkarbizi beharra eta horregatik garrantzizkoa da dakartzan arriskuak ezagutzea. Adinekoak kolektibo zaurgarria dira, eta bide-istripuetan inplikatuta egoteko eta biktima izateko probabilitate handiagoa daukate. Istripuen datuei begiratuz gero, 2023an larri zaurituak izan ziren oinezkoen ia %55ek 64 urtetik gora zituzten. 

Ekintzak kalean eta Urbiberrin

Ekimenaren helburu nagusia adinekoak beren mugikortasun-ohiturei eta beharrei buruz hausnartzera bultzatzera da, bideko arrisku-egoerak zein joan-etorrietan beren burua babesteko erabil ditzaketen estrategiak errazago identifikatu ahal izateko.

Ekimenean landuko diren edukien artean, distrakzioak, araudian aldaketak, araudia ez betetzeak segurtasunean duen eragina eta mito eta sinesmenak edo uste okerrak aurkitzen dira. 

Kaleko jarduera Erauskin plazan egingo da goizez 11:00-14:00 bitartean eta arratsaldez 16:30-19:30 artean. Urbiberri gizarte zentroan berriz, saio parte hartzailea burutuko da 16:30-18:00 bitartean. Eta toki berean 18:00etan umorezko bakarrizketa eskainiko da. Parte hartzeko izenematea gizarte egoitzan dago irekita. Ekimena monitoreek gidatua izango da eta parte hartzaileei materiala eta opariak banatuko zaizkie. 

100 aldiz begiratu