Udalak baserritarren azoka biziberritzeko konpromisoarekin sortutako larunbateko azoka bereziak urtarrilaren 13an izango du 2018ko lehenengo hitzordua
Iaz Udal gobernuak martxan jarritako egitasmo berri honek, bertako ekoizle eta baserritarren lana balioan jarri eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea du helburu
Beasaingo Udalak lehen sektorea eta baserritarren azoka indartzeko asmoz eta haiekiko konpromisoa berretsiz martxan jarritako larunbateko azoka bereziak bigarren urteari hasiera emango dio larunbat honetan. Garaian garaiko produktuei protagonismoa emanez, negu garaiko barazkiak eta produktuak izango dira protagonista Loinazko San Martin plazan kokatuko diren postuetan.
Azoka bereziaren helburuei dagokienez, nagusiena baserritarren lana balioa jarri eta garaiko produktuen kontsumoa areagotzea bada ere, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bada. Horretarako herriko elkarte eta sukaldari ezberdinekin elkarlanean azoka dinamizatzeko ekintza ezberdinez osatutako egitaraua antolatzen da. 2018ko lehen azokarako antolatu dena hauxe izango da.
10:00 Garaiko produktuen azokaren hasiera. .
12:00 Giltzatakoak egiten ikasteko tailerra umeentzat.
13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean
14:00 Garaiko produktuen azokaren amaiera