Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Goiz zaindu programa aurkezteko hitzaldiak maiatzaren 2an

2018/04/28

Beasaingo Udalak Zita Alzheimer fundazioarekin batera, narriadura kognitiboa eragiten duten gaitzei konponbidea aurkitzeko prebentzio programa aitzindaria jarriko du martxan

Iaz burututako Goiz Alzheimer programaren jarraipena izango da eta programa honi buruzko informazioa emateko bi hitzaldi antolatu dira

Hirugarren adineko herritarren ongizatea helburu hartuta, Udalak aitzindaria den programa berri bat jarriko du martxan maiatzaren 2an egingo dituen aurkezpen hitzaldiekin. Oraingo honetan ere Zita Alzheimer fundazioarekin elkarlanean Goiz Zaindu programa abiaraziko du Beasaingo Udalak. Iaz burututako Goiz Alzheimer programaren jarraipena izango da. Orduan, gaixotasunaren atzemate goiztiarra zen helburua. Orain berriz gaixotasunak eragiten dituen arazoei aurre egiteko konponbidea aurkitzea da helburua.

Goiz Alzheimer programak zabalik duen bulegora 500 pertsona baino gehiago gerturatu dira. Arduradunen ustez, parte hartzea arrakastatsua izan da eta guztion artean osasun kognitiboa gizartea kezkatzen duen gaia dela erakustea lortu da etorkizun hurbilean lehen mailako giza-osasun arazo bihurtuko den gaitzari aurre egiteko. Konponbide bat aurkitzeko nahitaezkoa da, osasun arloko profesionalen, instituzioen eta oro har biztanleriaren arteko elkarlana. 

Goiz Alzheimer lan taldetik, narriadura kognitiboa eragiten duten arazoei konponbidea aurkitu nahi zaie eta etorkizunean arazo kognitiboak garatzeko arriskua murrizteko ekimen bateko partaide egin nahi dira herritarrak. Goiz Alzheimer programan parte hartu zuten 500 herritarretako batzuekin harremanetan jartzea da asmoa, arazo kognitiboak eta dementziari nola aurrea hartu ikertzen dituen prebentzio programa batetan parte hartzera animatzeko. 

Programa hau honako arlo hauek osatuko dute: arrisku kardiobaskularraren faktoreei aurre egiteko (presio arteriala, azukrea, kolesterola, gehiegizko pisua) arreta eta zaintza intentsiboa, ariketa fisikoa egiteko programa, aholku dietetikoek  eta estimulazio kognitiboek.

Gisa honetako programak Beasain bezalako komunitate batean egin daitezkeela frogatzeaz gain, jasoko diren datuak emandako osasunaren zaintzarako estandarren aurrean eraginkorrak direla egiaztatzeko balioko digu.

Egitasmo hau martxan jartzeko, USURBE ANTZOKIAN eskainiko den hitzaldi informatiborako gonbitea gutunez bidali zaie hainbat herritarrei etxeetara. Hitzaldia maiatzaren 2an, asteazkena, izango da. Ordutegiari dagokionez bi aukera eskainiko dira: 12:30ean edo 17:30ean. Bertan azalduko dira zaintza, prebentzio eta osasun kognitiboari buruzko programa berri honen xehetasun guztiak.