Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Udal espazioak ixteko erabakia hartu du Udalak

2020/03/13

Osasun eta Hezkuntza sailek hartutako erabakien ondotik eta hauen gomendioei jarraiki, Udal espazioak eta egoitzak 15 egunez ixteko erabakia hartu da koronabirusa hedatzearen aurkako babes neurri gisa

Osasun sailak, Osakidetzak eta Hezkuntza sailak azken orduetan COVID-19 koronabirusak EAEko lurralde osoan izandako aurrerapenaren aurrean eta ikastetxe-jarduera presentziala aldi baterako eteteko hartutako erabakiaren ondorioz, Beasaingo Udalak bere ardurapean dauden udal azpiegituretan eskaintzen den zerbitzua eteteko erabakia hartu du.

Honela bada, Igartzako Monumentu Multzoa, Antzizar kiroldegia, Usurbe antzokia, Loinatz Musika Eskola, Loinatz Udal Euskaltegia, haurrentzako jolas tokiak, Urbieta arte plastikoen zentroa, Ikasgela, Udal biblioteka eta Hizkuntza Errefortzurako espazioak itxiko dira bihartik aurrera, martxoaren 13tik aurrera. Era berean, gaixotasunaren aurrean ahulezi egoera nabarmenena duten adineko pertsonen babes neurri gisa, Aranealde erretiratuen egoitza ere itxi egingo da. Etenaldi honek 15 eguneko iraupena izango du.

Udal esparrurako emandako gomendioen arabera, aldi baterako, koronabirus –COVID19- infekzio kasuen ondorioz eta infekzio-kopuruak gora egingo duela aurre ikusita, babes neurri gisa eta oro har adineko herritarrak babesteko xedez, jende pilaketak ematen diren espazioetara ez joateko gomendioa egin da.

Beasaingo Udalari dagokion esparruan, erikortasuna duten adinekoak udaleko etxeko arreta-zerbitzuen edo kultur- eta gizarte-zerbitzuen erabiltzaileak dira askotan, eta haiek dute arriskurik handiena infektatzen badira. Hori dela eta, oso garrantzitsua da adinekoei babesa ematen dieten oinarrizko kolektiboak ere babestea. Bereziki haurrak birusaren eroale direlako eta adineko pertsonak kutsatu ditzaketelako. Hori horrela udalak bere babes neurriak abian jarri ditu; bereziki garbitasun zerbitzuak areagotu eta indartu ditu udaletxean eta udal langileen artean.

Proposatzen diren gomendio hauek lehendik ere koronabirusa prebenitzeko herritar orori zabaldutakoei batu zaie; eskuak sarri garbitzea ura eta xaboiarekin, eztul edo doministiku egitea ahoa estalita besaurrearekin edo mukizapi batekin eta ondoren zakarrontzira bota, eta sukarra edo edozein sintomaren aurrean (arnasa, eztula, …) 900 203050 deitu.