Udalak, Bareak merkatari elkartearekin batera erosketak Beasainen egiteko aukera aldarrikatu du tokiko ekonomia eta herri izaera indartzeko. Erosketak Beasainen egitera bultzatzeko, Eguberrietako kanpainaren baitan antolatutakoak aurkeztu dituzte merkatariek
Eguberri hauetan behar dugun guztia Beasaindik mugitu gabe erosi dezakegula azpimarratu nahi dute Bareak merkatari elkartekoek. Erosketak egiteko “Zure aukera Beasain” lelopean, herritarren aukera Beasain izatea da helburua. Horregatik Udalak eta Bareak Beasaingo Merkatari Elkarteak datozen asteetan burutuko den Gabonetako kanpainaren baitan antolatutako ekimenen berri eman dute. Bi erakundeak elkarlanean Beasainen erosteko eta kontsumitzeko mezua zabaldu dute kontsumoa handitzen den urte sasoi honetan.
Bizi dugun osasun krisiak eraginda bereziki, Beasaingo Udalaren izenean Leire Artola alkate ordeak tokiko merkataritzarekin duen konpromisoari eutsiz Beasainen erosteak duen garrantzia azpimarratu du. Tokiko ekonomia bultzatzea eta indartzea gobernu taldearen legegintzaldiko ardatz estrategikoen artean dago are gehiago Covid-19ak aurten eragin duen krisia dela eta. Horretarako garrantzitsua da udalerriko denda eta saltokietan kontsumitzea.
Gertukoa konfiantzazkoa izateaz gain arreta pertsonalizatuarekin lagunduta doalako. Tokiko merkataritzaren ezaugarriak balioan jarriz, bertako ekonomian duen eragina azpimarratu du udal agintariak; herri izaera indartzeko laguntzen du eta sozializaziorako elementu ezinbestekoa dela aipatu du tokiko merkataritza indartsua edukitzea.
Gabon hauetan “Zure aukera Beasain”
Bareak Beasaingo Merkatari Elkartearen izenean Luisi Izquierdo eta Ane Aristik “Zure aukera Beasain” lelopean antolatutako kanpainaren xehetasunak eman dituzte. Gabonetako erakusleiho lehiaketa, zozketak, erosketa sarituak, opariak, poltsa berrerabilgarrien banaketa, eta aurten erretiratu diren merkatariei omenaldia dira aipagarrienak. Era berean, bezero eta erosleek azken hilabeteetan izan duten jokaera eskertu dute, tokiko merkataritzan kontsumitzeko ardura hartu izanagatik.
Erakusleihoak dotoretzeko lehiaketa
Udalarekin elkarlanean antolatutako Gabonetako erakusleiho lehiaketan 25 saltokik hartuko dute parte eta erakusleihoak abenduaren 9tik urtarrilaren 6ra izango dituzte apainduta. Epai-mahaia Udaletxeko ordezkari batek, Bareakeko ordezkari batek eta herritarren botoek osatuko dute. Botoa emateko epea abenduaren 19a arte egongo da irekita eta horretarako bi aukera daude: batetik lehiaketan parte hartzen duen edozein establezimendutan egongo den txartela betez eta bertan utziz eta bestetik Facebook bidez mezu pribatu bat bidaliz Bareakeko orrira.
Botoa ematen dutenen artean hiru sari zozkatuko dira: 200 euroko txeke bat eta 100 euroko bi txeke lehiaketan parte hartu duten dendetan erabiltzeko. Sari emate ekitaldia abenduaren 30ean izango da, 15:30ean udaletxeko Batzar aretoan. Irabazleak urte osoko erakusleiho apainketa zerbitzua jasoko du.
Lehiaketaz gain, herria girotzeko asmoz, saltoki bakoitzak Gabonetako bola formako apaingarri bat jarri du “Zure aukera Beasain” leloarekin.
Opariak eta zozketak
Bezeroen fideltasuna eskertzeko, erosketak sarituko dira. Abenduaren 31ra bitartean Beasain txartelarekin ordaintzen diren erosketa guztien artean Gabonetako 50 opari-sorta baino gehiago zozketatuko dira. Erosketa sarituak datafonoak ematen duen tiketan agertuko dira. Gainera, Bareak-eko ostalaritza establezimenduek ardo botila batez eta cava botila batez osatutako opari bana zozkatuko dituzte bezeroen artean.
Bestalde, erosketak egiterakoan poltsa berrerabilgarriak banatuko zaizkie bezeroei (izakinak agortu arte). Poltsa gorriak izango dira “Zure aukera Beasain” leloarekin. Osasun egoera dela eta, aurten ez da txutxu trenik izango Beasaingo kaleetan. Horren ordez bideo bat grabatu da, egun gutxi barru argitaratuko dena.
Aurten erretiratu diren merkatariei aitortza
Azken urteetako ohiturari jarraiki, erakusleihoak dotoretzeko lehiaketaren sari emate ekitaldiarekin batera, aurten erretiratu diren merkatariei omenaldia egingo zaio. Aurten oroigarria jasoko dutenak hauek izango dira: Joxe Mari Telleria eta Gema Mujika Fotoetxe argazki dendakoak, Mari Carmen Liebana eta Mari Jesus Irizar (aurten zendua) Orki bitxi-dendakoak, Maritxu Garmendia Maritxu janari dendakoa, eta Maritxu Urbizu Maiur ohial dendakoa. Ekitaldia abenduaren 30an, 15:30ean izango da udaletxeko batzar aretoan.