Beasaingo azokaren etorkizuneko erronkak zeintzuk diren jakiteko azokari buruzko galdeketa bat zabalduko da bertako elkarte, eragile eta biztanleen artean
Tokiko ekonomiaren, kulturaren eta tradizioaren zati garrantzitsua da bertako azoka, baita gure baserritarrengandik hurbileko, sasoiko produktu osasungarriak lortzeko ere. Udal gobernuak bere helburu eta eginkizun nagusien artean dauka bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jartzea eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere.
Hori gogoan izanik, “Gipuzkoako azoken sarea” deritzon proiektuan parte hartzen ari da Beasaingo Udala. Landaola elkarteak (Gipuzkoako Landa Garapenerako Elkarteen Federazioa), Eusko Jaurlaritza Elika Fundazioaren bidez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, udalerrietako azokak dinamizatzea eta bultzatzea du helburu egitasmo honek eta guztien artean ikuspegi orokor bat lantzea.
Herritar guztiei zuzendutako prozesu irekia
Azokaren beharretara moldatuz, azoka osatzen duten eragile ezberdinen partaidetzarekin prozesu bat burutuko da Beasaingo azokaren etorkizuneko erronkak eta ekintza plana adosteko.
Beasainen, Goimen Landa Garapen Elkartearen eskutik Eurogap aholkulari enpresa arituko da lanean eta inkesta edo galdetegia prestatu du horretarako. Kontsumitzaile eta herriko beste eragileekin (merkatari, ostalari, etab. ) kontsumitzeko joerak eta eredu berritzaileak aztertuko dira eta taldean lanketa bat egingo da azokaren erronkak definitzeko, eta ekimen plana garatu ahal izateko.
Galdetegia betetzeko horretarako web orrian jarrita dagoen esteka jarraitzea besterik ez dago.
Prozesua irekia da pertsona ororen parte hartzea ongi etorria izango da denon artean gure azokaren etorkizuna bermatu ahal izateko.