Sagastiguti parkean zuhaitz landaketa burutu da orotara bost ikastetxeek eta Udalak 11 zuhaitz landatuz
Ingurumenaren aldeko kanpaina ezberdinen baitan burutu dute elkarlanean Udalak eta udalerriko bost ikastetxeek zuhaitzen landaketa Sagastiguti parkean. Honela hamar haritz-landare eta haritza landatu dituzte Leire Artola alkateak eta Andramendi ikastola, La Salle, Murumendi, Alkartasuna lizeoa eta Txindoki institutuko ikastetxeetako ordezkari izan diren irakasle eta ikasleek.
Basoaren astean basoak ernetzea helburu
Beasaingo ikastetxeek Eskola Agenda 2030aren barruan aurtengo ikasturtean “Basoa ernatzen” proiektua lantzen ari dira. Martxoaren 21ean Basoen Nazioarteko Eguna izango dela eta Beasaingo ikastetxeak Basoaren astea ospatu dute Gipuzkoako beste udalerrietako 50 ikastetxerekin batera. Honela bada ospakizun horren barruan eta Udalaren laguntzarekin, Ingurugela ingurumen zentrotik helarazitako 10 haritz landare landatu dituzte aipaturiko proiektuaren barruko ekintza sinboliko moduan.
Udala "Zuhaitz bat Europagatik" ekimenean
Bestalde, Beasaingo Udalak “Zuhaitz bat Europagatik” (#UnárbolporEuropa) ekimenean parte hartu du eta haritz bat landatu du Sagastiguti parkean.
#UnArbolPorEuropa-k inpaktu globaleko ekintza lokal bat sustatzen duen kanpaina bat da. Kanpainaren helburua ahalik eta Udal gehienek bat egitea da 2021eko ekainaren 5a, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna baino lehen.
Kanpaina honen barruan haritz bat landatu dute Leire Artolta alkateak, Udaleko zerbitzuburuak eta langileek eta ondoren, zuhaitzaren inguruan Udaleko eta ikastetxeetako parte hartzaile guztiek argazkia atera dute.