Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Udala eta Lau Katu Beasain elkartea katu kolonien kudeaketa eta kontrolerako elkarlanean

2021/04/16

Kudeaketa egoki baten bidez katuen populazioaren kontrola lortzea da helburua, garbitasun eta osasun arazoak, eta neurri gabeko elikatzea ekiditeko 

Era berean, Beasaingo Udalak animaliak edukitzeko eta babesteko udal ordenantza eguneratzen ari da

Beasaingo Udalak Lau Katu Beasain elkartearekin lankidetzan, Errekarte inguruan garatuko duen HEI (Harrapaketa-Esterilizazioa-Itzulketa) ekimenaren bidez, udalak animaliekiko duen sentsibilitate berezia eta herritar eta animalien arteko elkarbizitza hobetzeko helburua ezagutzera eman nahi du, kasu honetan, zehazki katuei dagokiena. Ekimen hau funtsean kaleko katuak harrapatzea, antzutzea eta askatzea edo haien bizitokira itzultzea da. Horrela, haien bizimodua eta beharrak errespetatzen dira baina ez dira ugaltzen. Ekimen garrantzitsua eta beharrezkoa da animalien abandonua eta sufrimendua saihesteko, baina baita herriko animalien eta beasaindarren arteko bizikidetza hobetzeko ere.

Helburu nagusia katu kolonien kudeaketa egokia egitea da, katuen populazioaren kontrola lortuz, garbitasun eta osasun arazoak eta neurriz kanpoko elikadura ekiditeko eta baita zaraten eta bestelako kalteen ondorioz sortutako eragozpenak ere. Ekimen aitzindaria izanik Goierrin, emaitzak positiboak badira, Beasaingo gainerako tokietara zabaltzea da asmoa, beharrezkoa den kasuetan.

Lehen proba Errekarte inguruan egin da, kontroletik kanpo zegoen kolonia bat atzeman baitzen bertan. Kolonia horrek auzoan arazoak eta kalteak sortzen zituen, eta horrek arriskuan jartzen zuen katuen ongizatea.

Hasierako fasean, Beasaingo Lau Katu elkarteko kideek hainbat kontsulta egin zituzten auzokideen artean, egoerari buruzko diagnostikoa ezagutzeko, HEI ekimenaren onurei buruzko informazioa emateko eta haien laguntza eskatzeko.

Handik gutxira, aurtengo otsailean, programa abiarazteko bilera bat egin zen Errekarteko bizilagunekin, elkarteko boluntarioekin eta udal gobernuko arduradunekin udaletxeko batzar areto nagusian.

Populazioaren kontrola

Katu-kolonien populazioaren kontrola izateko, bertako katu bakoitza esterilizatzen ari dira, ugaltzeko aukerak murrizteko. Hori guztia, helburu horretarako katuak inondik inora akabatu gabe.  

Programaren amaieran, maiatzerako gutxi gorabehera, auzotarrei kontsulta egingo zaie ekimenarekiko duten asebetetze-maila ezagutzeko. Irakurketa positiboa bada, Udalaren asmoa ekimena udalerriko gainerako kolonietara zabaltzea izango litzateke.

Atzemandako arazoak

Herritarrek Udalari jakinarazi zizkioten Errekarteko katu-koloniaren ondorioz antzeman zituzten garbitasun arazoak, batez ere katuek garajeetara sartzeko eremuan uzten zituzten gorotzengatik. Garajeen sarbide pribatuaren egungo egoera (hartxintxar moduko bat) "hareharri erraldoi bat balitz bezalakoa da", Lau Katu Beasain elkartekoen hitzetan, eta katuak euren beharrak egitera gonbidatzen ditu. Kolonia HEI bidez kontrolatzen denean, gorotzek eragindako eragozpenak murrizten joatea espero da, katuen kopurua txikitzen doan heinean.

Bestalde, katuak kontrolik gabe elikatzea zen arazoaren beste erpinetako bat eta hala izaten jarraitzen du. Bizilagun batzuek mota guztietako janaria botatzen dute lorategira, usain txarra sortuz eta katuen osasunari kalte eginez. Hezurrak botatzeak patologia larriak sortzen ditu animalien digestio-sisteman, eta heriotza eragin dezake. Lau Katu Beasain Elkarteak azpimarratu duenez, egokiena pentsu lehorra ematea da, bai higienearen aldetik, bai katuen osasunaren aldetik.

HEI programan sartzen den ekintzetako bat katuak elikatzeko guneak jartzea da. Leku diskretuetan kokatu behar dira, baina aldi berean, irisgarriak izan behar dute. Udalak, Lau Katu Beasainekin lankidetzan, elikatzaile-txartel egiaztatuak banatuko ditu elkartearen irizpideak betetzen dituzten eta aldizka egiteko konpromisoa hartzeko prest dauden guztientzat.

Animalien Udal ordenantza berria

Aldi berean, Udala animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantza eguneratzen ari da, HEI eta elikatzaile akreditatuen irudia bezalako alderdiak txertatuz.

Era berean, zaharkituta dagoen ordenantza baten eguneratzea aprobetxatu nahi da AGTak (arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak) eta txakur-parkeak erabiltzeko arauak txertatzeko eta animaliak edukitzeari lotutako zigor arinak, larriak eta oso larriak berrikusteko. Ordenantza berria 2021eko bigarren erdian indarrean sartzea espero da.

errekarte katuak 1 errekarte katuak 2

errekarte katuak 7 errekarte katuak 9