Ilarrak eta babak izango dira hil honetako produktu berrietan aipagarrienak
Maiatzaren 8an izango den azoka berezian lehen aldiz aurtengo udaberriak ekarri dituen barazki berriak erosi ahal izango ditu Loinazko San Martin plaza azpira gerturatzen denak. Besteak beste, ilarrak eta babak izango baititu salgai bertan. Garaian garaikoa, gertuko baratzeetan landatutako barazki freskoez osasuntsu elikatzeko aukera paregabea.
Barazkiez gain, beste produktu hauek ere erosteko aukera izango da azokan kokatuko diren gainontzeko postuetan: eztia, loreak, haziak, ogia, gozoak eta behi eta ardi gazta.
Larunbat honetako egitaraua hau izango da:
- 10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.
- 12:00 Loinatz musika eskolako trikitilariek eta pandero joleek azoka girotuko dute.
- 13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean. Saski bakoitzarekin batera Igartzako Monumentu Multzoa bisitatzeko bi sarrera ere emango dira.
- 14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera
Hileko lehen larunbateko azoka berezia duela 4 urte Udal gobernuak martxan jarritako egitasmoa da eta honen helburua, bertako produktu, ekoizleen eta baserritarren lana balioan jartzea eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bada.