Enplegua sustatzeko konpromisoari helduz, Udalak eta Goiekik enpresa berriak sortu nahi dituzten ekintzaile berriei tokia eskainiko die
Bost urte bete dira Udal gobernuak eta Goiekik, enplegua sortzeko konpromisoari lotuta ekintzaile berriei erraztasunak eta aukerak emateko egoitza berria ireki zutela Beasainen. Hain zuzen, 2016ko maiatzaren 19an zabaldu zituen ateak Anezka zerbitzu enpresa guneak.
Bertan kokatu dira Goieki, Goierriko Garapen Agentziarekin hitzartuta, enpresa jarduerak sendotzeko eta sortzeko ekintzaile berriei zuzendutako bulegoak. Urte hauetan Beasaingo Udalak Goiekirekin elkarlanean ekintzaile berrientzako espazioa kudeatu du eta hitzarmena berritzeko ekitaldia burutu dute gaur Beasaingo Kale Nagusiaren 40garren zenbakian kokatzen den egoitzan.
Lehentasuna enplegua sortu eta bultzatzea
Hitzarmena beste bost urterako sinatu da, alegia 2026a arte eta honen xedea, Beasain eta Goiekiren arteko elkarlanaren harremanei jarraipena ematea da. Ekitaldian, Leire Artola Beasaingo alkatea, Goiekiko presidentea Mikel Plazaola eta Iker Galparsoro Goiekiko zuzendari nagusia izan dira. Leire Artolak azaldu duenez, berritzen den hitzarmen honekin Udalak enplegua sortu, bultzatu eta ekonomia sustatuko duten ekimen berriak laguntzea da helburua. Hain zuzen, legealdi planean jasotako konpromisoen baitan herritarren ongizatea bermatzeko ezinbestekoa baita enplegua sustatzea.
Goiekiko arduradunek hitzarmen honen garrantzia azpimarratu dute. Berritzaile diren enpresa ekimen berrien agerpenak bultzatzea, zerbitzu aurreratuekin lotura dutenak edota Beasaini edota Goierri eskualdeari balio erantsia ematen diotenak sustatzea du helburu Beasaingo Udalaren eta Goiekiren arteko hitzarmenak, arlo honetan Goierriko Garapen Agentziak duen esperientziaz baliatuz, enpresa berriei aholkularitza eta bidelaguntza ematea da Goiekiren eginkizuna.
Anezka deituriko enpresa guneak, lau bulego eta bilera gela bat amankomun bat ditu eta enpresa berriak sortu nahi dituzten ekintzaile berriei dago zuzendua. Lehenengo bost urte hauetan zehar, Anezka gunean sektore desberdinetako 12 enpresa desberdin kokatu dira eta une honetan lau bulegoak beteta daude.
Bulegoak ondorengoekin horniturik daude; argi-indarra, ura, telefono konexioa, internetera konexioa, berogailuak eta asegurua. Argi-indarra, ura, komunitate gastuak eta zergak, Beasaingo Udalak hartzen ditu bere gain. Beraz, hainbat dira eskaintzen dituen abantailak, ekonomikoak besteak beste. Gainontzeko gaietarako, hala nola, altzarien horniketa, asegurua (edukia), garbitasun gastuak, alarma, su-itzalgailuak, mantenu gastuak, eta beste funtzionamendu, jarraipen eta koordinazio gastuetarako, ekintzaileentzako Goiekik bere zentroan kokatuta dauden enpresekin dituen baldintza berdinak ezarriko dira eta Goieki egingo da hauen kargu.