Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

“Beasainen merkataritza bizitza da, bizi gaitezen!”

2021/11/09

Beasaingo Udalak herrian erosteko sentiberatze kanpaina jarri du abian erosketak udalerrian egitera bultzatzeko

Beasaingo Udalak tokiko merkataritza sustatzea du bere eginkizunen artean, bertakoa babestu eta indartzea  eta bertan erosteak eskaintzen dituen onurak ezagutaraztea. Konpromiso horren baitan, Udalak orain artean bere ardatz eta oinarri estrategikoen artean izan dituen merkataritza eta tokiko ekonomia indartu eta sustatzeko kanpainak areagotu ditu eta horren harira aurkeztu du “Merkataritza bizitza da. Bizi gaitezen” lelopean erosketak Beasainen egiteko kanpaina. 

Erauskin plazan egindako aurkezpenean, Beasaingo negozio, zerbitzu, establezimendu eta dendetan erosketak egiteko deia luzatzea izan dute helburu Leire Artola alkateak, Eneritz Iturrioz Goierriko Merkataritza Bulego Teknikoko Arduradunak eta merkatarien ordezkariak. Merkatariak eta Merkataritza teknikariak Beasainen erosteak dituen onuren inguruan hitz egin dute. 

Erauskin plazan kokatu den seinalitikaren bidez ikusgarritasuna emango die datozen bi hilabetetan sektore hauetako establezimenduei, zerbitzu eta produktuen eskaintza anitza badela eta herritarren eskura dutela ohartarazteko. Herriko merkatariek “Merkataritza bizitza da. Bizi gaitezen!” leloa duen erosketa poltsak ere banatuko dituzte. Orain hasita Eguberriak amaitu bitartean kanpaina udal euskarri ezberdinetatik indartuko da. 

Aurkezpenean Leire Artola alkateak tokiko merkataritzaren garrantzia azpimarratu du beste behin. “Merkataritza txikia bizitza da udalerri batentzat, eta pertsona askori enplegua ematen dien jarduera ekonomiko baten pieza garrantzitsua da. Enpresa-garapenean laguntzea funtsezkoa da. Haren biziraupena gure esku dago. Gure kontsumo-ohiturak eta, batez ere, aberastasuna sortzen laguntzeko dugun erantzukizuna funtsezkoak dira sektorea aurrera egiteko gai izan dadin. Arreta pertsonalizatua, hurbiltasuna, konfidantza eta erosketak arrazionalizatzea errazten digu dirua aurreztuz. Horretaz gain tokiko merkataritzak komunitatea sortzen du, nortasun propioa”.  

Beasaingo Udalak, tokiko merkataritza sustatu eta bultzatzeko helburuari lotuta Bareak merkatari elkartearekin duen hitzarmenaren baitan elkarlanean unean uneko jarduerak, ekitaldiak eta sustapen kanpainak burutzen ditu urtean zehar. Oraingo sentiberatze kanpaina bezala, stock azokak, deskontu bonuak eta abar. Guztiak, helburu zehatz batekin: erosketak Beasainen seguru egiteko herritarrak kontzientziatzea.  

merkataritza bizi kanpaina 20211109 3

merkataritza bizi kanpaina 20211109 4