Udalak antolatuta, Pump track pistan skate eguna ospatuko da. Musika, ikuskizunak, zozketak eta skatean ikasi edo trebatzeko ikastaroetan parte hartu ahal izango da aurretik izena emanda
Bi urte bete dira urrian Beasaingo Pump track pista berria estreinatu zenetik. Azpiegitura honek beasaindarren artean izaten ari den arrakasta ukaezina da. Hori ikusirik, azpiegiturari eta baita kirol honi bultzada eman asmoz, Udalak Beasaingo lehen Skate eguna antolatu du.
Abenduaren 30ean Beasain Skate Herria izango da. Hori dela eta bertan parte hartzera deituta daude patinak, patineteak eta gurpil gainean irristatzen den edozein gailu erabiltzen duen oro.
Skate ikas-saioetarako izen ematea zabalik
Eguna borobiltzeko egitaraua antolatu da. Goizean hasi eta arratsaldean amaituko diren hainbat ekitaldi daude iragarrita. Goizeko Hamarretan skate klaseak hasiko dira. Bi ordu iraungo dute eta parte hartzeko aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da. Horretarako aukera ezberdinak daude: Antzizar kiroldegira bertaratuz, whatsapp-ez 690 000 547 zenbakian edo helbide honetan dagoen galdetegia betez. Bakoitzaren mailaren araberako ikastaroak egingo dira.
Eguerdiko hamabietan ikuskizun profesionala eskainiko da bi gonbidatu berezirekin; Alazne Aurrekoetxea eta Maria Elosegi.
Arratsaldean berriz lau t'erdietan skate librerako tartea izango da eta bi ordu beranduago sei t'erdietan emango zaio amaiera egunari. Jardunaldia girotzeko musika eta surf skate skateboard baten zozketa egingo da parte hartzen dutenen artean.
Beasain Skate Herria
Skate Herria ekimena, Euskal Herrian skate mugimendua bultzatzeko ekitaldiak dira. Helburua, skate komunitateak sortzea da, skatearekin ikasi eta skate ekitaldiez gozatuz. Oraingoan kirol honen zaleak Beasainen dute hitzordua.