Herrilab3B egitasmoaren baitan, ekimen honek kontziliazio erantzunkidea du xede; 31 denda batu dira ekimenera dagoeneko eta zabalik jarraitzen du izen-emateak
“Esperientzia honekin, herrian erosketak egitera animatu nahi ditugu beasaindarrak eta, horrekin batera, esperientzia berritzaile baten bitartez ordutegien erabilera arduratsuan eta kontziliazioan eragin nahi dugu”, azaldu dute sustatzaileek
Beasaingo merkataritzak ordutegiak arrazionalizatzeko esperientzia pilotua abian jarriko du datorren otsailaren 1ean hasi eta lau astez –hilabete osoan zehar, alegia–, Herrilab 3B kontziliazio erantzunkiderako laborategiaren baitan martxan jarritako egitasmo berritzaile baten bitartez. “Ekimen aitzindari honekin, herrian erosketak egitera animatu nahi ditugu beasaindarrak eta, horrekin batera, ordutegien erabilera arduratsuan eta kontziliazioan eragin nahi dugu”, azaldu dute sustatzaileek, Beasaingo Udalean egindako prentsaurrekoan.
Beasain Berdintasunean Bizi lemapean eta herriko eragileekin elkarlanean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Beasaingo Udalak lankidetzan sustatutako laborategia da Herrilab3B. Esperimentazio aktiboaren bitartez, berdintasuna oztopatzen duten egiturazko joerak, estereotipoak, genero rolak eta ohiturak eraldatzeko ekintza praktiko eta positiboak garatzen dihardute azken urteotan eta aurten, 2022an, hainbat proiektu pilotu abiaraziko dituzte. Horietako bat da, hain zuzen ere, ordutegiak arrazionalizatu asmoz antolatu duten egitasmoa.
Esan bezala, lau astez, arratsaldeko ordutegia 16:00etik 19:00etara moldatuko dute ekimen honekin bat egiten duten merkatariek. Dagoeneko 31 denda batu dira ekimenera eta hilabete osoan zehar zabalik jarraituko du izen-emateak. Hala jakinarazi dute gaurko aurkezpenean Beasaingo alkateak, Leire Artolak; Berdintasuneko foru zuzendariak, Miren Elgarrestak, eta esperientzian parte hartuko duten merkatarietako bik. Hain zuzen ere, Amaia Sorazuk ( Ekilore Belardenda ) eta Iker Garmendiak ( Abio Bidaiak ) beren testigantza eskaini dute eta esperientzian parte hartzeera animatu dituen arrazoien berri eman dute.
Beasain, lurralde osorako erreferentzia
Ekintza aitzindari hau Bareak elkartearen babesarekin gauzatuko da. Antolakuntzarako, Solsonako eta Cardonako (Katalunia) tokiko garapen agentziaren eta bertako merkatari elkartearen parte hartzea lagungarri izaten ari da, Herrilab3Brekin partekatu baitute ordutegiak aldatzeko egin duten esperientzia. Hain zuzen ere, joan den urrian Beasaingo dendariekin partekatu zuten beren esperientzia, udaletxean egindako jardunaldi batean.
Herritarrei egitasmoaren berri emateko, parte-hartzaileek ordutegi esperimentalaren berri ematen duen zigilua zintzilikatuko dute beren erakusleihoetan eta oinarrizko informazioa eskainiz eskuorriak banatuko dituzte. Otsailean, bestalde, kaleko inkestak egingo dira beasaindarren eta bezeroen artean, halako neurri batek herritarren bizitzan eta herri bizitzan duen eragina ezagutu eta neurtu asmoz. Ondoren, parte hartu duten dendariekin batera emaitzak ebaluatu eta aztertuko dira, hausnarketa partekatu baten bidez.
Izan ere, Herrilab3B egitasmoa martxan jarri zenetik, kontziliazio erantzunkidean Gipuzkoa osorako erreferentzia da Beasain. Herriko alkateak, Leire Artolak, beasaindarrek esperientzia honetan egindako apustua azpimarratu eta balioetsi nahi izan du. “Lan-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzea zailagoa da merkataritzako eta zerbitzuetako profesionalen kasuan, jendeari arreta emateko ordutegiak haien bizitza pertsonala baldintzatzen baitu, zalantzarik gabe. Horregatik, esperientzia honek Beasainen erosteak eta kontsumitzeak duen garrantziaz jabetu behar gaitu, gure ordutegi-ohiturak apur bat aldatuz”.
Miren Elgarrestak, Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak, azpimarratu du Herrilab3B laborategia Etorkizuna Eraikiz foru programaren markoan kokatzen dela. “Lurraldearen etorkizuneko desafioak lantzen ari gara, esperimentazioaren eta lankidetzaren bitartez”, azaldu du.
“Gerora begira dugun desafio nagusietako bat, zalantzarik gabe, gizon-emakumeen berdintasuna eta kontziliazio erantzunkidea da. Erronka horretan, Beasaingo herriak eta beasaindarrek aitzindaritza hartu duzue. Oso positiboa da esperientzia pilotu honen oinarria. Herritar orok bere lana, aisialdia, etxekoak eta gure burua zaindu dezan nahi dugu, berdintasunez. Hori lortzeko, ezinbestekoa da elkarren ondoan ekitea, elkar lagunduz, denok dugulako zer egina”, nabarmendu du. Helburu horretan aurrera egiteko, Elgarrestak laburbildu duenez, “ezinbestekoa” da gizon-emakumeok “zereginak partekatzea, lanaren eta esparru pribaturaren betekizunak orekatzea” eta, merkataritzan egingo den moduan, “ordutegi arrazoizkoak eta orekatuak” frogatzea.
Herrilab3B, herriko eragileekin elkarlanean
2019an aurkeztu zuten herritarren aurrean Herrilab proiektua. Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean bultzatutako egitasmo honen bitartez, kontziliazio erantzunkidea hobetzeko esperimentazio laborategi da ordutik Beasain, herriko eragileen eta biztanleen inplikazioarekin. Guztiok elkarlanean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna era esanguratsu eta iraunkorrean sustatzeko ekintzak diseinatu, probatzea eta ezartzea du helburu. Esperientzia aitzindari honetatik eratorritako ezagutzak berdintasun eta kontziliazio politiketarako baliatuko dira, eta aldi berean, eredu izango dira lurraldeko beste udalerri eta eskualdeetan antzeko esperientziak garatzeko.
Joan den urtarrilaren 13an onartu zuen laborategiko talde eragileak 2022ko ekintza plana. Udalaz eta Aldundiaz gain, sustatzaileen artean dira Asmube Emakumeen Elkartea, Oriako Lamiak, Murumendi ikastetxea, Goieki, In Group eta CAF enpresak eta Bareak merkatarien elkartea. Azken bi urteotan garatutako azterketa, jardunaldi eta lan-lerroei jarraipena emanez, datozen hilabeteetan hiru helburu nagusi bultzatuko ditu Herrilab 3Bk. Lehenik, herritarren sentsibilizazioa bultzatuko da, lanaren eta bizitza pertsonalaren kontziliazioak gure bizitzan duen garrantziaz ohartaraziz eta gizon-emakumeei ezartzen dizkiegun inpaktu desberdinak ikusaraziz. Bigarrenik, berriz, herritarrek eta eragileek egitasmo honetan duten parte-hartzea handitzea sustatuko da eta, hirugarrenik, udalerrian kontziliazio erantzunkidea hobetzeko proiektu pilotuak abian jarriko dira.
Merkataritzan egingo den esperientzia pilotuaz gain, bigarren esperientzia pilotua hezkuntza komunitatearekin elkarlanean gauzatuko da. Ohiko genero-rolak hautsi eta aitek adingabeen zaintzan duten inplikazio maila handitu asmoz –bilera orokorretan eta jarraipen bileretan parte hartzea, etab.–, ikasturte honetan ikastetxeek aitarekin harremana lehenetsiko du edozein gorabeheraren aurrean; hau da, gurasoekin harremanetan jartzeko lehen deia beti aitari egingo diote. Gaur egun, herriko bost ikastetxeetatik hiruk parte hartzen dute ekintza pilotu honetan: Murumendik, Alkartasuna Lizeoak eta La Sallek, azken kasu honetan HHko 5 urteko gelan eta LHko 1. eta 2. mailetan. Esperientziaren amaieran, parte hartu duten hiru ikastetxeekin esperientziak, ikaskuntzak eta zailtasunak partekatuko dira eta ondorioak ikastetxeei eta familiei aurkeztuko zaizkie.
Azkenik, enpresa eta lan munduari dagokionez, seme-alaben oporraldi garaian familien kontziliazio erantzunkidea hobetzeko neurriak aztertuko dira, Goiekirekin elkarlanean. Izan ere, gurasoek garai horretan izaten dute zailtasun gehien arlo profesionala eta haurren zaintza bateragarri egiteko. Honetarako, enpresen eta langileen partaidetzarekin, ikerketa bat egingo da eta herrian eskura dauden baliabideen hobekuntza proposamena landuko da, ondoren proposamen hori errealitate bilakatzeko.