Dolarea parkean egin da aurtengo zuhaitz landaketa eta alkateak udalerriko lehen hezkuntzako lau ikastetxeetako ikasleekin parte hartu du ekimenean
Ingurumena babestu eta zaintzeko helburuaren baitan kokatzen da Udalak herriko ikastetxeetako lehen hezkuntzako ikasleekin burutu duen gaurko ekimena. Zuhaitz landaketa honekin, Udalak Beasaingo gazteengan eragin nahi du ingurumenarekiko sentsibilizazio eta errespetuan sakontzeko.
Horretarako, zuhaitz egunean, eraberritu den Dolarea parkea aukeratu da zuhaitz landaketa egiteko. Leire Artola alkatearekin batera, udalerriko lehen hezkuntzako lau ikastetxeetako ikasleen ordezkariak izan dira; Murumendi, Alkartasuna Lizeoa, La Salle eta Andramendi ikastola, ikastetxe bakoitzetik sei ikasle.
Ekitaldian Leire Artola alkateak azaldu duenez, ingurugiroa eta honen babesa egungo eta etorkizuneko erronka dira ezbairik gabe. Izan ere, Klima Aldaketaren ondorioek bereziki eragingo die datozen belaunaldiei eta ezinbestekoa suertatzen da gaurtik pauso irmoak ematen hastea.
Legealdi planaren ardatz nagusietako bat izanda, Udalak lanean jarraitzen du berebiziko garrantzia duen gai honi lotutako ekimenak aurrera eramanaz. Besteak beste, datozen urteetako proiektu eta esku-hartzeak egituratuko dituen Energia eta Klima Aldaketaren Aurkako plana martxan da.
Horretaz gain, aurtengoan, ibaien garbiketa eta landare espezie inbaditzaileen erauzketa proiekturari jarraipena emango zaio eta lehen aldiz, baso autoktono baten landaketari ekingo dio Udalak 2022an.
20 zuhaitz berri Dolarean
Zuhaitz egunaren baitan burututako ekimenarekin gaztetxoak natura babestu eta zaintzeak duen garrantziaz kontzientziatu nahi dira. Ingurune berde eta zainduak sortu eta mantentzea du helburu Udalak eta horretan eragin du gaurko zuhaitz landaketak. Honela gaurtik aurrera, 20 zuhaitz gehiago egongo dira Dolarea parkean. Landatu diren espezieak hauek izan dira: hiru Likidanbar (Liquidambar styraciflua), bederatzi Gereziondo loredun (Prunnus accolade), bi Hagin (Taxus fastigiata robusta), eta lau Astigar (Acer palmatum). Landaketan udal langileen laguntza izan dute parte hartzaileek.